Mundua -
ESTATU BATUAK
Gutxienez 5 hildako eta 18 zauritu LGTBIQ klub batean, Koloradon
Erasoa goizaldeko 01:03 aldera gertatu da AEBn (09:03 Euskal Herrian). Poliziak ingurua hesitu du, eta kontuz ibiltzeko eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez bost pertsona hil, eta 18 zauritu dituzte igande honetan LGTBIQ klub batean izandako tiroketa batean, Colorado Springs hirian, Coloradon, poliziak baieztatu duenez.
Anderson Lee Aldrich izeneko 22 urteko gazte bat atxilotu dute erasoaren ustezko egile gisa, eta bera artatzen ari dira, zaurituta baitago.
Colorado Springseko poliziak azaldu duenez, zauritutako pertsonak zenbait ospitaletara eraman dituzte ibilgailu pribatuetan.
Erasoa 01:03 aldera gertatu da (09:03 Euskal Herrian), Q izeneko klubean. Besteak beste, trabestismo ikuskizunak egiten dituzte bertan, eta gorroto delitu gisa ikertzen ari dira gertakaria.
Suzko arma bi aurkitu dituzte gutxienez lekuan. Aldrichek errifle luzea erabili du tiroketan, eta polizia ikertzen ari da ea beste inork lagundu zuen susmagarria.
Komunitatearekiko "zentzugabeko eraso honek suntsituta" dagoela esan du klubak publiko egindako ohar batean. Era berean, bezeroen jarrera goraipatu du: "ikaragarri eskertzen dugu gure bezero heroikoen erantzuteko gaitasuna eta azkartasuna, tiratzailea geldiaraztea, eta gorrotozko eraso hau amaitzea lortu baitute".