Mundua -

Manchester

Polemika piztu da Erresuma Batuan haur bat etxeko lizunagatik hil ostean

Awaab Ishak Rochdale Boroughwide Housing elkartearen etxe batean bizi zen, eta familia hamaika aldiz kexatu bazen ere, ez zioten jaramonik egin. Gobernuak hitzeman du neurriak hartuko dituela etxebizitza guztiek bete ditzaten osasun neurriak.

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Britainia Handiko Gobernuak oharra igorri die udaletxeei eta etxebizitza ofizial banatzaileei, 2020an hil zen Awaab Ishak bi urteko haurra etxebizitzan zuen lizunak eragindako arnasteko arazoengatik hil zela egiaztatu ostean.

Michael Gove Lurralde Kohesiorako ministroak idatzi bat igorri die etxebizitza elkarteei (irabazi asmorik gabeko erakundeak, diru publikoaren laguntzarekin etxebizitza merkeak eskaintzen dituztenak), Ishaken kasua "sekula berriro errepikatu ez dadin".

"Hau da etxebizitza hornitzaileentzako azken abisua: beharrezko neurriak hartuko ditut oinarrizko baldintzak bermatzeko herrialde osoan eta egoiliarren ahotsa entzun dadin", ohartarazi die ministroak, Gobernuak gaur zabaldu duenez.

Gareth Swarbrick zen Rochdale Boroughwide Housing elkartearen zuzendaria, Manchester inguruan haurraren familiari etxebizitza eman ziona, eta kargugabetu egin zuten larunbatean, etxebizitzan zegoen hezetasun handiaren inguruan familiak egindako oharrei jaramonik ez ziela egin jakin ostean.

Aurreko asteartean, Joanne Kearsley epaileak "proaktiboa" ez izatea egotzi zion elkarteari, eta galdera hau bota zuen: "Nola da posible 2020an Erresuma Batuan bi urteko haur bat hiltzea lizunez inguratuta zegoelako?".

Awaaben gurasoek behin eta berriz eraman zuten haurra medikuarenera hotzeriagatik eta arnasketa arazoengatik. Azkenean, ospitalera bidean hil zen arnasteko arazoengatik, bi urte bete eta egun batzuetara.

Autopsian agerian geratu zen haurrak hazita zituela eztarria eta arnasbideak, eta onddo bat atzeman zuten odolean. Lizunez inguratuta egoteagatik hil zela ondorioztatu zuten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Ingalaterra