Mundua -

GIZA ESKUBIDEEN BORROKALARIA

Hebe de Bonafini hil da, Mayo Plazako Amen presidente historikoa

Diktadura garaian desagertutako bi semeren ama zen Bonafini, eta hamarkada luzez Giza Eskubideen borrokan jardun zuen. Hiru eguneko dolu nazionala deitu dute Argentinan.

Hebe de Bonafini artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Hebe de Bonafini artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
93 urterekin hil da Argentinan Mayo Plazako Amen burua

1:38

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hebe de Bonafini Mayo Plazako Amen presidentea hil da igande honetan, 93 urterekin, 94 egiteko egun gutxi falta zituela. Argentinako Gobernuak hiru eguneko dolu nazionala deitu du.

Videlaren diktadura garaian desagertutako bi semeren ama zen Bonafini, eta hamarkada luzez, Giza Eskubideen aldeko borrokan jardun zuen.

Jatorri umileko etxekoandrea, iraultzaile sutsu bihurtu, eta hortzak erakutsi zizkion Argentinako azken diktadura zibiko-militarrari (1976-1983), mundu mailan ezagun eginez. Beste ehunka amarekin batera, dozenaka manifestazio egin zituen desagertuekiko justizia egitea aldarrikatzeko, "berrantolaketa nazionalaren prozesua" deiturikoaren testuinguruan. Ama horietako batek, Stela de Carlottok, iloba aurkitzea lortu zuen 2014an. Hain zuzen ere, diktadurak lapurtutako haurren bilaketa izan da euren borroka nagusietakoa.

Giza Eskubideen erakundeen kalkuluen arabera, 30.000 persona desagertarazi ziren garai hartan Argentinan: militante politiko eta sindikalak, ikasleak eta artistak.

1979an sortu zuen Bonafinik Mayo Plazako Amen elkartea, eta gaur egun, elkarte horrek institutu unibertsitario bat, egunkari bat, irrati bat, etxe kultural bat eta ESMA ezkutuko zentroa zegoen tokian dagoen zentro kulturala kudeatzen ditu.

Bere semeengatik bakarrik ez, "guztiengatik borroka egin zuen ama" gisa gogoratzea nahi zuen

Nazioarteko miresmena lortu zuen justiziaren eta memoria historikoaren alde egindako lanagatik. 1998an, U2 taldeak Argentina bisitatu zuenean, Amei bisita egin eta eskenatokira igotzeko gonbitea egin zieten. Bertan, Hebek zapi zuria oparitu zion Bono abeslariari. Zapi zuriaren sinbolismoa mundu osoan zabaldu zen.

Dozenaka sari jaso zituen Bonafinik baina saririk onena utziko zuen oroitzapena izango zela zioen. Bere semeengatik bakarrik ez, "guztiengatik borroka egin zuen ama" gisa gogoratzea nahi zuen.

Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidente izandakoak, eta egun presidenteorde denak, mezu hunkigarria idatzi du Twitterren:

Euskal Herritik, Arnaldo Otegi EH bilduko koordinatzaileak ere omenaldia egin dio:

Interesa dakizuke: 36 urtez bila ibili ondoren, Estela de Carlottok biloba aurkitu du

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina Giza eskubideak Amak albisteak