Mundua -
natoren batzar parlamentarioa
Errusia Estatu terroristatzat jo dezaten eskatu die Zelenskik NATOko estatuetako parlamentuei
Ukrainako presidenteak telematikoki hitz egin du NATOren Batzar parlamentarioaren azken saioan. Asteburuan zehar, Ukrainari buruz eztabaidatu dute herrialdeek Madrilen. Pedro Sanchezek, bere aldetik, berretsi egin du Espainiak Ukrainako herriari babesa ematen jarraituko duela.
agentziak | eitb media
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Errusia Estatu terrorista deklaratzeko eskatu du astelehen honetan, NATOren Batzar parlamentarioaren aurrean, ukrainar azpiegitura energetikoen aurkako azken erasoen ostean.
Errusia "gure azpiegitura energetiko sistema hondatzen ari da elektrizitate eta ur hornidurarekin amaitzeko, eta berokuntzarekin neguan", esan du Zelenskik NATOren 68. Batzar parlamentarioan egindako azken saioan. Herrialdeek Madrilen eztabaidatu dute Ukrainako gerrari buruz asteburu osoan zehar.
Haren hitzaldian, ukrainar presidenteak Errusiari egotzi dio "milioika pertsonaren bizitzak arriskuan jartzea". "Zuzenena litzateke zuek, zuen parlamentuetan, Errusia Estatu terroristatzat jotzea", eskatu du.
Azken bi egunotan zenbait bonbardaketa izan dira, Zaporizhiako zentral nuklearretik, Europako handienetik, oso gertu talka egin dutenak. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (EANA) kezkaz erantzun die eraso horiei eta beste zentral txikiagoetan ere gertatzen ari direnei.
Bestalde, Zelenskik azpimarratu du "bidegabekoa eta antinaturala" izan dela "Ukrainaren eta Europaren arteko banaketa", eta baietsi du ez duela banaketa hori luzatzerik onartuko.
Bukatzeko, Errusiaren aurkako zigorrak "indartzen" jarraitzeko deia egin du, eta "bederatzigarren zigor sorta" eskatu dio EBri. Zentzu horretan, "defentsa antiaereo eta antimisil sistema" berriak eskatu ditu Ukrainarentzat, "kalitate eta kantitate aldetik nahikoa" izango direnak.
Sanchez Putini zuzendu zaio
Bere aldetik, Pedro Sanchezek berretsi du Espainiak Ukraina babesten jarraituko duela, eta NATOri orain arte erakutsitako batasunari eusteko eta Vladimir Putin Errusiako presidenteari mezu "irmoa" helarazteko eskatu dio: "utzi bakean Ukraina".