Mundua -

Agerraldia

Kolera zabaltzen ari da Ekialde Hurbilean, eta 70 pertsona hil dira Libano eta Sirian

Sirian duela 14 urte desagerrarazi zuten gaixotasuna, eta Libanon duela 30 urte izan zen azken agerraldia.

Libano. Argazkia: Efe
Libano. Argazkia: Efe
Libano. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolera agerraldi bat zabaldu da Ekialde Hurbilean barrena, tartean Libanon, Kuwaiten eta Sirian, eta jada 70 dira hildakoak eta ehunka kutsatuak. Sirian duela 14 urte desagerrarazi zuten gaixotasuna, eta Libanon duela 30 urte izan zen azken agerraldia.

Libanoko Osasun Ministerioak beste bost kasu baieztatu zituen atzo, eta jada 600 dira kutsatuak eta 20 hildakoak, urriaren 5ean lehenengo kasua atzeman zutenetik, 30 urtean lehena.

Ostiralean 15.549 pertsona txertatu zituzten, eta guztira 390.000 baino gehiago dira txertoa jaso dutenak azaroaren 12an kanpaina hasi zenetik.

Nazio Batuek iragarri zuten 9,5 milioi dolar bideratuko dituztela koleraren aurkako kanpaina horretarako.

14 urteren ostean, kolera Sirian

Siriako Osasun Ministerioak, bestalde, 1.529 kasuren eta 49 heriotzaren berri eman zuen. Han irailean hasi zen agerraldia, duela 14 urte gaixotasuna desagerrarazi ostean.

Heriotza gehien, 40 inguru, Alepon izan da, herrialdearen iparraldean. Hala ere, litekeena da kopurua askoz ere altuagoa izatea, gaixotasuna azkar zabaltzen delako eta eremu batzuk agintarien kontroletik kanpo daudelako.

Agerraldi berri hau Eufrates ibaiaren kutsaduragatik zabaldu omen da, ur hori nekazaritza arloak ureztatzeko eta gizakien kontsumorako erabiltzen baita.

Kuwaiteko Osasun Ministerioak ere kasu baten berri eman du, auzo herrialde batetik joandako herritar bati dagokiona.

Hala ere, baztertu egin dute bertan agerraldi bat egotea, Libanon eta Sirian ez bezala.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Asia Libano Siria Ekialde Hurbila gaur