Mundua -
Qatargate
Belgikak behin-behineko espetxealdian dauka Eva Kaili, Europako Parlamentuko eroskeria sareagatik
Eurodiputatu sozialdemokrataren defentsak besoko elektroniko batekin askatzeko eskatu dio auzitegiari gaur goizean egindako saioan, "ez dutela inoiz usteldu" argudiatuz.
Agentziak | EITB Media
Belgikako lehen auzialdiko auzitegi batek Eva Kaili eurodiputatu greziarra behin-behineko espetxealdian mantentzea erabaki du, Qatarrekin eta Marokorekin lotutako ustezko eroskeria sare batean erakunde kriminaleko kide izatea, ustelkeria eta dirua zuritzea egotzita.
Eurodiputatu sozialdemokrataren defentsak esan du Kaili "ez dutela inoiz usteldu", eta auzitegiari eskatu dio besoko elektroniko batekin askatzeko.
Kaili Euroganberako presidenteordetzatik kendu zuten, baina oraindik eserlekua mantentzen du. Nahiz eta immunitate parlamentarioa izan, atxilotu egin zuten, Belgikako agintariek delitu nabarmena egiten ari zela uste zutelako.
20 bat miaketa izan ziren operazioan, eta 1,5 milioi euro baino gehiago konfiskatu zituzten eskudirutan, ekipo informatikoetan eta telefonoetan. Poliziek beste hiru inputatu ere atxilotu zituzten, akusazio berberengatik. Joan den hilaren 14an deklaratu zuten epailearen aurrean, aurreneko saio judizialean.
Orduan, Pier Antonio Panzeri italiarra, eurodiputatu ohia, Fight Impunity gobernuz kanpoko erakundeko burua eta eroskeria sareko ustezko buruzagia, behin-behineko espetxealdian mantentzea erabaki zuen auzitegiak, eta Francesco Giorgi herrikidea, Europako Parlamentuko laguntzailea eta Kailiren bikotekidea ere kartzelan utzi zuen.
Auzitegiak, ostera, askatu egin zuen Niccolo Figa-Talamanca lobbysta eta No Peace Without Justice GKEko idazkari nagusia, baina besoko elektroniko bat eramatera behartuta.
Abenduaren 9an, Luca Visentini sindikalista italiarra eta Alessandro Kaili eurodiputatuaren aita ere atxilotu zituzten, baina bi egun geroago askatu zituzten.
Gainera, Marc Tarabella sozialista belgikarra eta Andrea Cozzolino sozialista ere zipriztindu ditu auziak, baina ez daude auzipetuta.