Mundua -

birmania

Beste 7 urteko espetxe zigorra ezarri diote Suu Kyi birmaniar lider ohiari

Europar Batasunak epaia gaitzetsi du, "beharrezko bermerik" gabeko prozesu batean epaitu dutela iritzita.

Suu Kyi, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Suu Kyi, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Suu Kyi, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aung San Suu Kyi Birmaniako lider ohiari 33 urteko kartzela zigorra ezarri diote orotara, 2021eko otsailean estatu kolpe baten ondorioz kargutik kendu zutenetik izandako borroka judizial luzean. Izan ere, ostiral honetan beste zazpi urteko espetxe zigorra batu zaie aurrekoei.

Naipyidoko espetxean dagoen auzitegi militar batek azken epaia eman du gaur, lurrak alokatzearekin eta helikopteroak erosi eta alokatzearekin lotutako bost kargurengatik. Espetxe horretan dago, hain zuzen ere, Nobel sariduna, zigorra betetzen.

Europar Batasunak Suu Kyiren azken epaia gaitzetsi du, "beharrezko bermerik" gabeko prozesu batean epaitu dutela iritzita.

Josep Borrell EBko Atzerri Gaietarako goi ordezkariaren bozeramaile batek ohar baten bidez adierazi duenez, Myanmarko (Birmania) militarrek kontrolatutako auzitegi batek Win Myint presidente atxilotuaren eta Aung San Suu Estatu kontseilariaren aurkako azken epaiak eman ditu ostiral honetan. Horrela, azken hamahiru hilabeteetan "arrazoi politiko hutsengatik" izandako hainbat epaiketa amaitu dira gaur.

"Epaiketa horiek legezko prozedura eta beharrezko berme judizialak errespetatu gabe egin ziren, eta demokratikoki aukeratutako agintariak bizitza politikotik kanpo uzteko ahalegin argia dira", azpimarratu du bozeramaileak.

Win Myintek eta Aung San Suu Kyik 12 eta 33 urteko espetxe zigorrak dituzte aurretik, hurrenez hurren, hiru urteko bortxazko lanak barne.

"Europar Batasunak gogor gaitzesten ditu epaiketa horiek, epai horiek eta Myanmarko demokraziaren eta zuzenbide estatuaren desegite orokorra", azpimarratu du.

Gaineratu duenez, EBk benetako elkarrizketa defendatzen jarraitzen du herrialdean; Suu Kyiren, Demokraziarako Liga Nazionalaren, Batasun Nazionaleko Gobernuaren, gizarte zibilaren eta Myanmarko gainerako alderdi interesdun guztien parte hartzearekin, "herrialdeak bizi duen krisi sakonetik ateratzeko eta demokraziarako bidea berrezartzeko bidea irekitze aldera".

EBk, halaber, kezka handia agertu du hautamenez atxilotutako pertsona kopuru handiagatik, eta preso politiko guztiak berehala eta baldintzarik gabe askatzeko deia berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? EB Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Asia