Mundua -
Vatikanoa
Benedikto XVI.aren aldeko hileta hartuko du San Petri plazak, 100.000 pertsona inguru bilduta
Elizkizuna 09:30ean abiatuko da, eta ez du estatu izaera izango, alemaniarra aita santu emeritua zelako. Beste aita santu bizi batek, Frantziskok, gidatuko du erritua, 1802tik lehen aldiz.
EITB MEDIA
Vatikanoko San Petri plazak Benedikto XVI. aita santu emerituaren aldeko hileta hartuko du gaur, Frantziskok gidatuta eta dozenaka mila fededun eta agintari bertan daudela. Erromako Poliziaren Buruzagitzaren arabera, 100.000 pertsona bilduko dira.
Hileta 09:30ean hasiko da, basilikaren atarian. Aita santu alemaniarraren gorpuzkiak dituen hilkutxa 40 minutu arinago atera da tenplutik. Han izan da, bi egunez, hil kapera — 200.000 pertsona inguruk bisitatu dute—.
Frantziskok gidatuko du elizkizuna, baina meza Giovanni Battista Re Kardinalen Kolegioko dekanoak emango du.
Segurtasun neurri zorrotzak
Azken egunotan, segurtasun neurri gogorrak izan dira hiri vatikanoan eta gaur, are gogorragoak espero dira. Gauean fededun, turista eta ikusmiran joandako pertsona ugari izan dira Erroman. 06:00etan zabaldu dituzte San Petri plazara sartzeko bideak, eta ilara luzeak ikusi dira.
Izan ere, plazara sartzeko kontrol eta metalak atzemateko detektagailuen galbahea igaro behar da. Ibilgailuek ezin dute plazara sartu, eta inguruan aparkatutakoak ere kendu dituzte.
Segurtasun planaren arabera, aire espazioa zarratuta dago, eta talde zabal izango da ingurua zaintzen: helikopteroak, frankotiratzaileak, terrorismoaren kontrako poliziak, suhiltzaileak... Guztira, 1000 agente.
Zenbait aldaketa hiletan
Zeremonia "solemnea eta soila" izango da, aita santu emerituaren nahia errespetatuta, eta Italiako eta Alemaniako Gobernu eta Presidentetza ordezkariak soilik izango dira.
Benedikto XVI.a aita santu emeritua izanik, ez da estatu hileta izango. Hala, Vatikanoak hainbat aldaketa egin behar izan dituzte aita santuei azken agurra emateko errituan. Adibidez, azken erreguetako otoitzak ez dituzte egingo, Erromakoak eta ekialdeko Elizetakoak; izan ere, aita santu aktiboaren oso espezifikoak dira.
Hiletak hiru ordu iraungo du, eta behin amaituta, Benedikto XVI.aren gorpuzkiak dituen hilkutxa basilikako kriptan ehortziko dute, bertan dago lurperatuta, besteak beste, Joan Paulo II.a.
Bada beste berezitasunik. 1802tik lehen aldiz, aita santu bizi batek, Frantziskok, gidatuko du zeremonia.