Mundua -
MEXIKO
Gutxienez 29 pertsona hil dira Mexikon, "El Chapo" Guzmanen semea atxilotu osteko istiluetan
Mexikoko presidenteak ukatu egin du Ameriketako Estatu Batuek Ovidio Guzmanen atxiloketan parte hartu dutela, eta ohartarazi du estradizio prozesua motela izango dela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mexikon gutxienez 29 pertsona hil dira "El Chapo" Guzmanen seme Ovidioren atxiloketaren osteko istiluetan, bertako gobernuak emandako datuen arabera. Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak ukatu egin du narkotrafikatzailea atxilotzeko operazioan Ameriketako Estatu Batuek (AEB) parte hartu dutela, eta esan du ez duela zerikusirik Joe Bidenek herrialdera egin behar duen bisitarekin.
Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak eta Luis Cresencio Sandoval Gonzalez Defentsako idazkari nagusiak agerraldi bateratua egin dute. Azken horrek emandako datuen arabera, 10 militar eta atxiloketa eragozten saiatu ziren 19 gizon armatu dira hildakoak.
Ovidio Guzman Los Menores karteleko buruzagia da Mexikoko Gobernuaren arabera. Ostegunean atxilotu zuten Culiacan hirian, Sinaloa estatuan, eta operazioaren ondotik istilu larriak sortu ziren. Polizia operazioaren baitan, 21 pertsona atxilotu zituzten.
Bestalde, gobernu mexikarrak ohartarazi du Ovidio Guzmanen estradizio prozesua motela izango dela, izan ere, aurrez bere kontrako akusazioei aurre egin beharko die Mexikon bertan. AEBk herrialdean droga sartzeko "konspiratzea" leporatzen dio.