Mundua -

PERU

Boluarte ikertuko du Peruko Fiskaltzak genozidioagatik

Iazko abenduan eta hilabete honetan Perun izandako protestetan "genozidio, homizidio eta lesio larrien delituak" egon daitezkeela uste du Fiskaltzak, eta horien erantzuleetako bat Dina Boluarte presidentea izan daitekeela.

Dina Boluarte, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Dina Boluarte, artxiboko irudi batean
Dina Boluarte, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENCIAS | REDACCIÓN

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dina Boluarte Peruko presidentea ikertuko du herrialde horretako Fiskaltzak, besteak beste, genozidio delituagatik. Joan den abenduan izandako istiluengatik aurretiazko ikerketa zabaldua zuela jakinarazi du Patricia Benavides fiskalak, eta orain, astelehen honetan izandakoengatik beste ikerketa bide bat zabalduko dute. 17 pertsona hil ziren asteleheneko protestetan.

Benavidesek esan duenez, "heriotza bakar bat ere ez da geratuko zigor gabe" eta Perun gertatzen ari dena sakon ikertuko dute, baita, horien atzean egon litezken "goi arduradunek duten erantzukizuna ere". "2022ko abenduan eta 2023ko urtarrilean Apurimac, Libertad, Puno, Junin, Arequipa eta Ayacucho eskualdetan izandako manifestazioetan genozidio, homizidio eta lesio larrien delituak egon ziren ikertuko dugu", gaineratu du.

Era berean, Fiskaltzak igoritako ohar batean zehaztu dute Baluarterekin batera, beste hainbat goi arduradun ere ikertuko dituztela, tartean, Alberto Otarola lehen ministroa, Victor Rojas Barne ministroa, Jorge Chavez Defentsa ministroa, Pedro Angulo lehen ministro ohia eta Cesar Cervantes Barne ministro izandakoa.

Abenduaren 7an lehertu zen egoera Perun. Egun horretan hango Kongresua Pedro Castillo presidentearen aurkako zentsura mozio bat bozkatzekoa zen, baina, aurretik, Ganbera desegin zuen Castillok. Azkenean, Kongresuak Castillo kargugabetzearen alde bozkatu zuen, eta, Fiskaltzaren aginduz, atxilotu egin zuten. Ordutik, mobilizazioek ez dute etenik. Presidente berriaren, Dina Boluarteren, dimisioa eskatzen dute protestariek, eta hauteskundeak berehala deitzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Peru