Mundua -
BRASIL
Bolsonaroren aldeko hiru diputatu ikertzea eskatu du Brasilgo Fiskaltzak, igandeko erasoa bultzatu zutelakoan
Sare sozialetan zabaldutako mezuen bidez, hiru diputatuok "indarkeria ekintzak" sustatu zituztela uste du fiskalak, "publikoki deliturako bidea sustatuz".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohi ultraeskuindarraren aldeko hiru diputatu ikertzea eskatu dio herrialde horretako Fiskaltzak Auzitegi Federal Gorenari, joan den igandean izandako erasoak bultzatu zituztelakoan. Kongresua, Jauregi Presidentziala eta Gorte Gorena indarrez hartu zituzten milaka herritarrek, Lula da Silva egungo presidentea kargutik botatzeko eskatuz.
Gaur kaleratutako agiri batean, Andre Fernandes, Silvia Waiapi eta Clarissa Tercio ikertzea eskatu du fiskalak. Lehenengo biak Alderdi Liberaleko kideak dira, eta hirugarrena, Alderdi Kontserbadorekoa. Fiskaltzak eskarian zehaztu duenez, sare sozialetan zabaldutako mezuen bidez, hiru diputatuok "indarkeria ekintzak" sustatu zituzten, "publikoki deliturako bidea sustatuz".
Fernandesek, esaterako, erasoa baino bi egun lehenago Twitter sare sozialean bideo bat zabaldu zuen, "Lularen Gobernuaren aurkako lehen ekintza" iragarriz. Asteburuan, berriz, Alexandre de Moraes Auzitegi Goreneko epailearen bulegoko atea erabat txikituta erakusten zuen argazkia argitaratu zuen.
Terciok, berriz, igandean bertan bideo bat publikatu zuen Instagram plataforman, Bolsonaroren aldeko herritarri dei eginez: "Boterea hartu dugu. Kongresuaren barruan gaude. Jende guztia hemen goian dago. Hau historiara pasatuko da, nire biloben historiara", idatzi zuen.
Era berean, Waialpi diputatuak ere, Instagramen bidez, erasoetan parte hartzera deitu zituen herritarrak: "Ministerioak hartuko ditu jendeak igandean! Brasilgo herriak boterea hartuko du, gobernu gorriarekin haserre dagoelako!", esan zuen.