Mundua -

Alemania

Alemaniako Defentsa ministro Christine Lambrechtek dimisioa eman du

Azken hilabeteotan gogor kritikatu dute, dela alderdikideek, dela komunikabideek, Ukrainako gerrarekin lotuta hartutako erabakiengatik, batez ere.

Alemaniako Defentsa ministro Christine Lambrecht. Artxiboko argazkia: EFE
Alemaniako Defentsa ministro Christine Lambrecht. Artxiboko argazkia: EFE
Alemaniako Defentsa ministro Christine Lambrecht. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Defentsa ministro Christine Lambrechtek dimisioa eman du astelehen honetan, azken egunetan hedabide alemaniarrek bolo-bolo ibili duten zurrumurrua baieztatuz.

"Kargua utziko dudala esan diot gaur bertan kantzilerrari. Komunikabideek niri buruz esandakoek zaildu egin dute soldaduei, Armada federalari eta segurtasun politikari buruzko informazio eta eztabaida profesionala aurrera eramatea", adierazi du.

57 urteko ministro sozialdemokrata gogor kritikatu dute azkenaldian, dela alderdikideek, dela komunikabideek, Ukrainako gerrarekin lotuta hartutako erabakiengatik, batez ere.

Duela gutxi, Berlingo kale batean Urte-zahar gauean grabatutako bideo batek, adibidez, zeresana eman zuen. Zuziri eta su-artifizialen hotsa lagun, 2022ko balantzea egin zuen Lambrechtek bideo horretan, Ukrainako gerra ardatz.

Errusiak Ukraina hartu zuenean ere hautsak harrotu zituen orain arte Defentsa ministro izandakoak egindako iragarpenak. Izan ere, laguntzeko asmoz-edo, Alemaniak kaskoak bidaliko zituela esan zuen orduan. Askok isekatzat hartu zuten esandakoa, beste zenbait herrialdek material militarra bidaltzeko asmoa erakutsi zutela kontuan hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Eguneko albisteak Albisteak