Mundua -

SIRIA ETA TURKIAKO LURRIKARAK

Gasteizko sei suhiltzaile, Turkiara bidean: "Laguntzera eta taldean lan egitera goaz"

Acción Norte gobernuz kanpoko erakundeak antolatutako espedizioa da, eta Zamorako eta Kanarietako kideak ere batuko zaizkie. "Han dauden agintarien jarraibideak beteko ditugu. Laguntzera goaz, eta ez traba egitera", esan dute.

Turkiara joan diren hiru suhiltzaile. Argazkia: EITB Media
Turkiara joan diren hiru suhiltzaile
Turkiara joan diren hiru suhiltzaile. Argazkia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko sei suhiltzaile Turkiara bidean dira, lurrikaren ondoren hondakinen azpian harrapatuta geratu diren herritarren erreskatean laguntzera. Halako hondamendietan eskarmentu handia duen Acción Norte gobernuz kanpoko erakundeak antolatu du espedizioa, beste hainbat elkarterekin elkarlanean.

Madrildik Istanbulerako hegaldia hartu dute aurrena suhiltzaile arabarrek, eta handik Adanara joango dira, Turkia hegoaldera. EITB Mediari egindako adierazpenetan, Ander Bergara erreskate lanetan parte hartuko duen suhiltzaileetako batek azaldu du tamaina honetako hondamendi batean inoiz ez dutela parte hartu, eta euren egitekoa "lantaldean lan egin" eta "han dauden agintarien aginduak jarraitzea" izango dela. "Laguntzera goaz, eta ez traba egitera", esan du.

Bidaia antolatzea "zaila" izan dela ere gehitu du, bereziki, "erreskaterak material asko" daramatelako. "Ez da erraza izan. Enbaxadekin eta hegazkin konpainiekin harremanetan jarri behar izan dugu, suntsitutako eraikinetan erreskate lanak egiteko materiala eraman behar dugulako: hormigoia eta egurra mozteko makinak, argiztatzeko materiala, argindar sorgailuak..."

Bere aldetik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak atzo adierazi zuen Turkiara laguntza bidaltzeko prest daudela, Espainiako Gobernuak —hondamendietarako laguntza kudeatzeaz arduratzen da— hala eskatzen dienean.

Turkia eta Siria astindu dituzten lurrikarek, gutxienez, 8.700 hildako utzi dituzte. 100 herrialde eta erakunde ingururen babesa ari dira jasotzen herrialde horiek, batez ere, erreskateetarako boluntario-taldeen ekarpenarekin. Hala ere, laguntza modu desberdinean iristen da, estatu otomandarrak Siriak baino baliabide askoz gehiago baititu.

Turkiako eta Siriako lurrikaretan hildakoak 8.700 dira gutxienez
Turkiako eta Siriako lurrikaretan hildakoak 8.700 dira gutxienez
Turkiako eta Siriako lurrikaretan hildakoak 8.700 dira gutxienez

0:42

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Turkia Lurrikarak Suhiltzaileak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Siria gaur