Mundua -

Lurrikarak Turkian eta Sirian

11.100 pertsona baino gehiago hil dira lurrikaren ondorioz, eta Siriak formalki laguntza eskatu dio EBri

Turkiako presidenteak, bere aldetik, 500na euroko diru laguntza hitzeman die kaltetutako familiei eta agindu du ez dituela babesik gabe utziko. Halaber, batasunerako eta elkartasunerako deia egin du.

Osasun langile bat Hatay (Turkia) zauritutako haur bat artatzen. Argazkia: EFE
Osasun langile bat Hatay (Turkia) zauritutako haur bat artatzen.
Turkiako eta Siriako lurrikaretan hildakoak 8.700 dira gutxienez

0:42

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 11.600 pertsona hil eta 54.018 zauritu dira Turkian eta Sirian astelehenaz geroztik izandako lurrikara sortaren ondorioz. Hori da bi herrialdeetako agintariek emandako azken datua. Aurreikuspenen arabera, baina, etengabe gora egingo du hildakoen kopuruak.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak lurrikaren epizentrotik adierazi duenez, gutxienez 9.000 pertsona hil dira, 49.133 zauritu eta 6.444 eraikin suntsitu.

"Estatua agintariekin batera ari da lanean, bere baliabide guztiekin", esan du agintariak lurrikarek kaltetutako eremura egindako bisitan. Kaltetutako eremuetan 96.600 agente baino gehiago, gobernuz kanpoko erakundeetako langileak, bilaketa eta erreskate taldeak eta boluntarioak daude. Nolanahi ere, zenbait lekutara iristeko "zailtasunak" daudela aitortu du, errepideen eta aireportuen egoera tarteko.

Erdoganek hitzeman du ez duela familiarik utziko babesik gabe, eta kaltetuei ostatua eta janaria doan emango zaiela. Horrez gain, kaltetutako familiei hamarna mila lirako (500 euro inguru) diru laguntza agindu die. Halaber, batasunerako eta elkartasunerako deia egin du.

Hondamendiak eta Larrialdiak Kudeatzeko Agintaritzaren (AFAD) esanetan, "lehen lurrikararen ondotik beste 648 gertatu dira, Elbistanen epizentroa izan duen 7,6koa tartean".

Bestalde, lurrikarak 1.262 hildako eta 2.285 zauritu eragin ditu Baxar al-Assad Siriako presidenteak kontrolatutako Siriako eremuetan, Sana albiste agentziak Osasun Ministerioa aipatuz zabaldutako datuen arabera. Datu horiek Alepo, Hama, Latakia, Tartus eta Idlib hirietan bildu dituzte.

Errebeldeek kontrolatutako eremuetan, ostera, gutxienez 1.280 pertsona hil eta 2.600 zauritu dira, Siriako Kasko Zuriak erakundearen arabera. Gainera, 360 eraikin baino gehiago "erabat suntsituta" geratu dira, eta milatik gora "oso suntsituta" daude.

Siriako Gobernuak formalki laguntza eskatu dio Europar Batasunari

Baxar al-Assad Siriako presidentea buru duen Gobernuak larrialdiko laguntza eskatu dio Europar Batasunari (EB), lurrikarak gertatu eta ia hiru egunera. Siriak orain arte pauso hori ematea saihestu du.

Zehazki, Europako Babes Zibileko Mekanismoa aktibatzea eskatu du, Janez Lenarcic Europar Batasuneko komisarioak Bruselan eskaini duen prentsaurrekoan baieztatu duenez. Gainera, Damaskoren eskaerari erantzuteko eskatu die estatukideei.

Janez Lenarcic komisarioak zehaztu duenez, erreskaterako laguntza, botikak eta elikagaiak eskatu dituzte.

Halaber, ukatu egin du Siriari giza laguntza ukatu zaiola nazioarteko zigorrak direla eta.

Giza laguntza iristen hasi da Siriara, ez, ordea, Idlib probintziara

Bestalde, giza laguntza daramaten lehen hegazkinak iritsi dira azken orduotan Siriara. Zehazki, Irakeko bandera duten bi hegazkin lurreratu dira Damaskoko aireportuan, 140 tona elikagai, botika eta manta eramateko.

Halaber, Iranek ere laguntza bidali du Damaskora. Hegazkinak 45 tona elikagai, oheko arropa, denda, botika eta bestelako materialak garraiatu ditu; "lehen laguntza paketea", Teheranen arabera.

Azken orduetan, Aljeriaren eta Errusiaren laguntza ere iritsi da.

Nazio Batuen Erakundeak iragarri du laguntza konboi bat prestatzen ari dela Siria iparraldera, oposizioaren esku dauden lurraldeetara, igortzeko.

Bestalde, 70 herrialdek baino gehiagok bidali dute dagoeneko laguntza Turkiara, eta 50.000 laguneko erreskate taldea osatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE albisteak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Turkia Lurrikarak Hondamendi naturalen biktimak Siria albisteak gaur