Mundua -
Ukrainako gerra
Zelenskik Europako ganberari: "Ukraina Europar Batasuneko kide izango da"
Europako Parlamentuak txalo zaparrada batekin hartu du Ukrainako presidentea. Gerra hasi zenetik, erakundeari egin dio lehen bisita da honakoa.
Agentziak | EITB Media
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Europako Parlamentuaren aurrean egindako hitzaldian nabarmendu duenez, bere herrialdea "Europar Batasuneko kide" izango da". Era berean, "Europako bizimodua" defendatu du, eta gaineratu Ukraina "etxean bezala" sentitzen dela bertan.
"Europar Batasunera hurbiltzen ari gara, Ukraina Europar Batasuneko kide izango da", aldarrikatu du txalo artean.
Gerra hasi zenetik euroganberara egiten duen lehen bisita da honakoa. Heroi baten moduan hartu dute diputatuek, eta hainbat une sinboliko izan ditu bisitak. Hala nola, batasuneko bandera atzean zutela, Zelenskik berak eta Roberta Metsola Parlamentuko presidenteak Ukrainako eta Europar Batasuneko ereserkiak entzun dituzte.
Behin hizlarien lekura igota, Ukrainako presidenteak azpimarratu du Errusiaren aurkako "aurrez aurreko gerran" murgilduta ikusten duela Europa. Kremlinek "Ukrainako bizimodu europarra desegin nahi du", salatu du.
"Ukrainarentzat, Europa etxerako buelta da. Ukrainar guztien etxera buelta defendatzeko nago hemen", esan du.
Parlamentura egindako bisitaren ondotik, Europako Kontseilura joango da Zelenski.