Mundua -
Lurrikarak
25.000 hildakotik gora zenbatu dituzte Turkian eta Sirian, eta kopurua bikoiztu egin daiteke oraindik
Nazio Batuen Erakundea beldur da hildako kopurua 50.000tik gorakoa izango ote den, azkenean. Litekeena da Hungariaren tamainako eskualde bateko hondakinen azpian hamar milaka biktima egotea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
25.000 hildako baino gehiago izan dira dagoeneko Turkia eta Siria astindutako lurrikaren ondorioz baina, lur astinduak izan zirenetik sei egun igaro direnean, bizirik eustea lortu duten pertsonak aurkitzen jarraitzen dute.
Horietako bat izan da 55 urteko Masallah Çiçek emakume turkiarra. Diyarbakir hiriko bere eraikin-etxebizitzaren hondakinen azpian aurkitu zuten larunbat goizalde honetan, lurrikara izan zenetik 122 ordu betetzen zirenean. Handik sein ordura bi hilabeteko haur bat ere erreskatatu dute.
Azken zenbaketa ofizialaren arabera, 22.000 pertsona baino gehiago hil dira Turkian, eta 102.000tik gora zauritu, eta beste 3.553 hildako eta 5.276 zauritu zenbatu dira Sirian. Herrialde honetan, baina, kaos handia dago eta asko igo daiteke, azkenen, hildako kopurua oraindik.
Martin Griffiths Giza Gaietarako idazkari nagusi eta NBEko Larrialdi Sorospenaren koordinatzaileak hildakoen kopurua 50.000 hildakotik gorakoa izango ote den beldur dela adierazi du larunbat honetan, Sky Newsi egindako adierazpenetan.
AFAD Hondamendiak Kudeatzeko Turkiako Agentziak baieztatu duenez, Turkiako 10 probintzietako 90.000 pertsona baino gehiago ebakuatu dituzte, eta 166.000 boluntario daude bertan lanean, horien artean, atzerritik etorritako 8.000 erreskate-aditu inguru.
Lurrikara sorta suntsitzaile horiek izan zirenetik, sei egun betetzen diren honetan, bizirik dauden pertsonen bila jarraitzen dute larrialdietarako zerbitzuek. Denborak aurrera egin ahala, bizirik irtendako pertsonak aurkitzeko itxaropena murriztuz doa. Izan ere, jan nahiz edan barik gizaki bat, gehienez jota, 72 ordu egon daiteke.
Astelehenean izandako 7,7 eta 7,6ko lurrikarek Kahramanmaras probintzian izan zuten erdigunea, eta 10 probintziatan bizi diren 13 milioi biztanle baino gehiagori eragin zizkieten. Litekeena da Hungariaren tamainako eskualde bateko hondakinen azpian hamar milaka biktima egotea.