Mundua -
LURRIKARAK TURKIAN ETA SIRIAN
Zortzi lagun bizirik atera dituzte hondakin artetik, sei egunez harrapatuta egon ostean
OMEren arabera, gutxienez 9.300 pertsona hil dira Sirian, eta beste ia 30.000 Turkian. NBEko buruzagi humanitarioak onartu du erakundeak "huts egin" diola Siria-ipar-mendebaldeko jendeari; hain zuzen ere, Kasko Zuriek salatu dute ez dutela inguru horietan NBEren laguntzarik jaso.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Turkiako agintariek jakitera eman dutenez, gutxienez zortzi pertsona erreskatatu dituzte, horietako batzuk adingabeak, Turkiako hegoaldea eta Siria iparraldea astindu zituen lurrikara gertatu zenetik 150 ordu baino gehiago (sei egun) harrapatuta egon ostean. Horrek itxaropenak ez galtzea dakar berarekin, bai eta erreskate-lanak amaitutzat eman edo horiekin jarraitzea erabakitzea ere.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) egindako kalkuluen arabera, Siria ipar-mendebaldeko lurrikarek, gutxienez 9.300 hildako utzi dituzte herrialde hartan, orain arte bildu ahal izan dituzten datuen arabera. Turkiak baieztatutako 29.605 heriotzak gehituta, 38.905 dira guztira biktimak, eta kopurua goraka joango dela uste dute.
Tedros Adhanom Ghebreyesusis OMEko zuzendari nagusiaren taldeak eman du Siriarako estimazio berria, prentsaurreko bidez Damaskotik. Rick Brennan OMEko larrialdietako eskualdeko zuzendariak zehaztu duenez, gainera, "ezin da proiekzio zehatz bat egin" ezin delako toki askotara iritsi.
Gobernuak kontrolatutako Siriako eremuetan 4.800 pertsona hil eta 2.500 zauritu direla badakite eta oposizioak kontrolatutako inguruetan beste 4.500 hil eta 7.500 zauritu direla ere bai. "Kopuru horiek handitzen jarraituko duten beldur gara, tokietara iritsi ahala", azaldu du Sky Newsen.
NBEko buru humanitarioa: "Siriako ipar-mendebaldeko jendeari huts egin diogu"
Bestalde, Nazio Batuen Erakundeko buruzagi humanitario Martin Griffithsek bere erakundeak "Siriako ipar-mendebaldeko jendeari huts egin" diola aitortu du publikoki, Twitterreko bere kontu ofizialean idatzi duenez. Izan ere, laguntza humanitariorik ez da iritsi bertara.
"Siria ipar-mendebaldeko jendeari huts egin diogu. Arrazoi osoz sentitzen dira abandonatuta, iritsi ez den nazioarteko laguntza zain dauden bitarten", idatzi du Griffithsek:
Kasko Zuriak erreskate-taldeak salatu du ez duela Nazio Batuen laguntzarik jaso Siriako ipar-mendebaldeko oposizioko eremuetan, lurrikarak izan zirenetik. Oso zaila da une honetan bertara iristea, pasabide bakarra baitago zabalik, Bab el Hawakoa, Turkia Siriako Idlib probintziarekin lotzen duena. Raed Saleh erreskate taldeko buruak ostiralean esan zuen "NBEren burokraziak Siriako herriaren sarraskian parte hartu" duela.