Mundua -
Segurtasun biltzarra Munichen
Europar Batasunaren estrategia bateratua nahi du Von der Leyenek Kievi munizioa bidaltzeko
EBak blokeko defentsa-industriarekin bat egitea galdegin du, munizio ekoizpena areagotu eta bizkortzeko, batasunak finantzatutako estrategia batean. Kamala Harrisek (AEB) esan du Errusiak "inongo zalantzarik gabe" gizateriaren kontrako krimenak egin dituela Ukrainan.
Olatz Prat | EITB Media
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur Municheko Segurtasun Konferentzian esan duenez, Europar Batasunak Ukrainara munizio gehiago eramateko duen interes bateratuak herrialde bakoitzaren interes indibidualak gaindituko dituela espero du, defentsa eskuratzeko Europako programa komunei dagokienez.
Blokea presaz ari da aztertzen Ukrainari laguntzako munizioa elkarrekin erosteko moduak; izan ere, Kievek argi azaldu munizio premia larria duela, egunean 10.000 artilleria jaurtigai erabiltzen ari baita.
"Errusiak Ukrainaren aurka piztu zuen gerra latz honetan ikusten dugu presiopean mendiak ere mugi ditzakegula, baita kasu honetan ere", azpimarratu du von der Leyenek, "ezohiko garaiak bizi ditugu, eta, beraz, ezohiko neurriak edo prozedurak ere begiratu beharko genituzke".
Iraganean, interes nazionalen ikuspegiak sarritan eragotzi du Europako herrialdeen arteko defentsa-lankidetza estuagoa izatea, eskuratze-programa bateratuak oztopatuz eta motelduz.
Biltzarraren aurrean emandako hitzaldian, von der Leyenek iradoki du Europar Batasuna Covid-19aren aurkako txerto bat eskala handian ekoizteko prestatu zen gisan, batu ditzala indarrak blokeko defentsa-industriarekin, Ukrainako gudu-zelaian hainbeste behar diren munizioen ekoizpena bizkortzeko eta handitzeko eta herrialdeko izakinak berrezartzeko.
"Une honetan Europan edo estatu kideetan finantzatuko genituzkeen munizio estandarizatuez [155 mm-ko jaurtigaiak] ari gara hitz egiten, hori da honen atzean dagoen eskema", azaldu du von der Leyenek elkarrizketan.
"Ez dut uste Ukraina une honetan hori finantzatzeko moduan dagoenik. Beraz, hau finantzatu behar dugu", gaineratu du.
Europar Batasuneko Kanpo Harremanetarako ministroek Bruselan astelehenean egingo duten bileran eztabaidatzea espero da Kievek presaz behar dituen 155 mm-ko jaurtigaiak batera erosteko ideia.
AEBren ohartarazpenak Errusiari eta Txinari
Bestalde, Kamala Harris AEBko presidenteordeak larunbat honetan Municheko Konferentzian egindako agerraldian esan duenez, Errusiak "formalki" eta "zalantzarik gabe" gizateriaren aurkako krimenak egin ditu Ukrainako inbasioan.
Harrisek indar errusiarrei leporatu die biztanleria zibilaren aurkako eraso orokor eta sistematikoak egitea, "hilketa, tortura, bortxaketa eta deportazio ekintza izugarriak" eginez.
Hori dela eta, Washingtonek Ukrainan ireki diren prozesu judizialak babesten jarraituko du, baita nazioarteko ikerketak ere, zuzeneko egileek eta nagusiek "justiziaren aurrean kontuak eman ditzaten".
Harrisek nabarmendu duenez, "interes moral" horrekin batera, Mendebaldeak badu "interes estrategikoa" ere, Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako arauetan oinarritutako nazioarteko ordena defendatzeko, mugak indarrez ezin alda daitezkeela ezartzen duena.
"Ez dago nazio segururik herrialde batek beste baten subiranotasuna eta lurralde-osotasuna urra dezakeen mundu batean, gizateriaren aurkako krimenek zigorrik gabe jarraitzen duten eta anbizio inperialistak dituen herrialde batek nahi duena egin dezakeen mundu batean", baieztatu du.
Mosku berearekin ateratzen bada, beste herrialde batzuek ere "indarkeriazko ereduari" helduko diote, Harrisen arabera, hertsadura, desinformazioa eta baita "indar gordina" erabiliz ere.
Horren harira, Harrisek "atsekabea" agertu du Txinak gerra hasi zenetik Errusiarekin duen harremana "sakondu" duelako, eta aurreratu du Pekinek Moskuri laguntza militarra ematen badio, horrek "erasoa saritu" baino ez duela egiten, arauetan oinarritutako nazioarteko ordena are gehiago ahulduz.
Horren guztiaren argitan, AEBko presidenteordeak esan duenez, Washingtonek Ukrainari babesa ematen jarraituko du "behar den denboran". Halaber, gatazkan "egun ilun gehiago" izango direla eta "gerraren eguneroko agoniak" aurrera jarraituko duela iragarri du.