Mundua -

Ukrainako Gerra

EBk Errusiaren aurkako hamargarren zigor sorta adostu du Ukrainaren inbasioagatik

Erabilera militarrerako teknologiaren esportazioari betoa jarri diote, eta neurriak hartu dituzte Moskuri droneak saltzen dizkien enpresa iraniarren aurka.

Tanke errusiarra Ukrainan. Argazkia: EITB
Tanke errusiarra Ukrainan. Argazkia: EITB

Tanke errusiarra Ukrainan. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak Errusiaren aurkako hamargarren isun sorta onartu du bart, Ukrainaren inbasioa hasi zela urtebete bete denean, eta tartean jaso dituzte erabilera militarrerako teknologiari ezarritako betoa eta Moskuri droneak saltzen dizkien enpresa iraniarren aurkako neurriak.

"Gaur, Europar Batasunak Errusiaren aurkako hamargarren isun sorta onartu du" eta horrela "Ukrainari gerra irabazten lagunduko zaio", iragarri du Suediaren esku dagoen Europar Batasuneko Kontseiluak.

EB "Ukrainarekin eta ukrainarrekin dago", gaineratu du EBk, Kievi "behar duen denbora guztian" lagunduko diola hitzeman aurretik.

EBko estatuen arteko negoziazioak eten egin dira zenbait orduz Errusiatik inportatu ahal izango duten goma sintetikoaren kuotengatik, Poloniak murriztu egin nahi zituelako; baina azkenean adostasunera iritsi dira.

Adostutako isun sorta horretan jaso dituzte "bi erabileratako teknologiari" murrizketak jartzea, eta gerra babesten duten pertsona edo erakundeei eta "Errusiaren desinformazioari" aurre egitea, besteak beste.

"Guztiak aintzat hartuta, EBko estatuek sekula jarritako isun sendoenak eta zabalenak ezarri dituzte Ukrainari gerra irabazten laguntzeko", azpimarratu du EBk.

Hain zuzen ere, Errusiak militarki erabil ditzakeen 47 osagai elektronikori jarri diete betoa, eta aurreko isun sortetan jasotakoekin batera, borroka eremuan aurkitutako teknologia guztia debekatu du EBk, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aurreratu zuen moduan.

Irango Guardia Iraultzailearekin lotutako zazpi enpresa ere zigortuko dituzte Moskuri Ukraina bonbardatzeko droneak emateagatik.

Gainera, ehun inguru enpresa eta pertsona errusiar zigortuko dituzte, tartean Armadako agintariak. Europar Batasunean dituzten ondasun eta aktibo guztiak izoztuko dizkiete eta ezingo dira EBn sartu.

Dena den, zigorrak formalki onartu beharko dira indarrean sartu baino lehenago, eta Bielorrusiaren aurkako beste batzuk hartzea aztertzen ari dira, Kremlini ematen ari den babesagatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Europa Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra