Mundua -

Polizia-operazioa

Ehundik gora pertsona atxilotu dituzte Iranen emakumeen eskoletan haurrak pozoitzea leporatuta

Gobernuak uste du sistema islamiarrarekiko eszeptizismoa lortzeko helburuz egindako ekintzak izan direla, "herritarren eta ikasleen artean izua" zabaltzeko.

Irango emakumeen eskubideen aldeko protesta. Argazkia: Efe
Irango emakumeen eskubideen aldeko protesta. Argazkia: Efe
Irango emakumeen eskubideen aldeko protesta. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iranen 100dik gora pertsona atxilotu dituzte emakumezkoen eskoletan ikasleak pozoitzea egotzita, eta Gobernuak adierazi du herrialdearen "etsaiak" direla.

"Ehundik gora atxilotu ditugu eskoletan izandako gertakarien harira", adierazi du Barne Ministerioak agiri batean.

Ministerioak jakinarazi du atxilotuetako batzuk "asmo txarrak" zituztela "herritarren eta ikasleen artean izua zabaltzeko", eta horren bidez sistema islamiarrarekiko eszeptizismoa sortzeko.

Aztertzen ari omen dira ustez gas batekin egindako eraso horiek MEK Mujahedden e Khalq oposizioko taldearekin loturarik ote duten.

Era berean, Barne Ministerioak aitortu du kasu batzuk onba kirasdunekin egindako "bihurrikeriak" izan zirela.

Azaroaren amaieran hasi ziren pozoitzeak Qom hirian, eta aurreko astean ugaritu egin ziren kasuak. Orain arte 5000 emakumezko ikasle pozoitu dira 230 zentrotan, Irango 25 probintziatan, jakinarazi du Mohammad-Hassan Asafari toxikazioak aztertzen ari den batzordeko kideak. Ikasleek eztarria narriatuta, buruko mina, arnasteko arazoak, ahuldadea, arritmia eta hanka eta besoak mugitzeko zailtasunak izan dituzte.

Pozoitzeek areagotu egin dute herritarrek Gobernuaren aurrean duten ezinegona, uste baitute agintariek ez dutela gaitasunik izan horiei aurre egiteko hezkuntza eten gabe.

Ali Jamenei Irango buruzagi gorenak "krimen barkaezin"tzat jo ditu erasoak, eta nahita egindako erasoak izan zirela egiaztatuz gero errudunek "zigor handiena" merezi dutela esan zuen, eta Iranen heriotza zigorra da zigor gogorrena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Delituak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Iran Matxismoa