Mundua -

Ukrainako gerra

Nazioarteko Zigor Auzitegiak Putin atxilotzeko agindua eman du, Ukrainan egindako gerra krimenak egotzita

Konkretuki, Ukrainako gerran harrapatutako eremuetatik Errusiako lurraldera haur ukrainarrak bortxaz deserriratzea leporatzen diote Putini. Hala ere, nazioarteko auzitegiak Errusiako presidentea epaitzea ia ezinezkoa da hainbat arrazoirengatik.

Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea. Argazkia: EFE
Putin atxilotzeko agindua igorri du gaur Nazioarteko Zigor Auzitegiak gerra krimenen salaketapean

01:29

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko Zigor Auzitegiak Vladimir Putin Errusiako presidentea atxilotzeko agindua eman du gaur, Ukrainan egindako gerra krimenen erantzulea izatea egotzita. Konkretuki, Ukrainako gerran harrapatutako eremuetatik Errusiako lurraldera haur ukrainarrak bortxaz deserriratzea leporatzen diote Putini.

Hala ere, nazioarteko auzitegiak Putin epaitzea ia ezinezkoa da hainbat arrazoirengatik: gorteak ezin ditu akusatuaren 'in absentia' auziak epaitu, Errusia 2016an erretiratu zen auzitegiarentzat legezko oinarri den Erromako Estatututik, eta Kremlinek ez du inolako asmorik ofizial errusiar bat ere gortera entregatzeko, behin baino gehiagotan errepikatu duen bezala.

Hala ere, gutxienez Putin inputatzeko gai da, ez baitu estatuburuentzako immunitatea onartzen gerra krimenen, gizateriaren aurkako krimenen edo genozidio kasuetan.

Nazioarteko auzitegiak Maria Alekseievna Lvova-Belova Errusiako Federazioko Haurren Eskubideen komisario presidentzialaren aurkako atxilotzeko agindua ere eman du, arrazoi beragatik.

Gorteak uste du Putinek "erantzukizun penal indibiduala" duela delitu horiengatik, dela "zuzenean" egiteagatik, dela "ekintzak egin zituzten mendeko zibilen eta militarren gainean kontrol egokia izateko" gai ez izateagatik.

Kremlinek etengabe gezurtatu du haur ukrainarrak indarrez erbesteratzen ari dela, Kievek eta bere aliatuek egindako salaketen aurrean. Ukrainako Gobernuaren arabera, gutxienez 16.000 haur beren borondatearen aurka Errusiara eraman dituzte gatazka hasi zenetik, eta Yaleko Unibertsitateak otsailean aurkeztu zuen ikerketa batek argitara eman zuen gutxienez 6.000 haur ukrainar 40 barnetegi errusiarretan banatuta daudela.

Gaurko atxilotze aginduak gatazka hasi zenetik aurkeztutako nazioarteko lehen karguak dira, eta Karim Khan Gorteko fiskalburuaren aginduetara dagoen ikerketa talde berezi baten lanaren ostean heldu dira. Horiek emateko, aurkeztutako frogen baliozkotasuna onartu behar izan du epaileen aurretiazko panel batek.

Errusiak "juridikoki baliogabetzat" jo du

Errusiak "juridikoki baliogabetzat" jo du Kremlineko burua atxilotzeko agindua. "Nazioarteko Auzitegitik atera daitezkeen atxiloketa-aginduak juridikoki baliogabeak izango dira guretzat", idatzi du Maria Zajarovak, Errusiako Atzerri Gaietarako bozeramaileak, Telegrameko bere kanalean.

Ildo beretik, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak "amorragarria" eta "onartezina" dela esan du.

Human Rights Watch (HRW) erakundeak, ostera, atxiloketa agindua txalotu du, "Errusiako indarrek 2014tik Ukrainan egindako krimenen biktima askorentzat egun handia delako". HRWk "lehen urratsa" ikusi du aginduan, "urteetan Ukrainako gatazka inguratu duen inpunitatearekin amaitzeko".

Era berean, Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi-ordezkariak ere txalotu egin du atxilotzeko agindua, eta ziurtatu du hori "Errusiaren eta bere agintarien kontuak emateko prozesuaren hasiera" baino ez dela.

Borrellek adierazi du erabaki "garrantzitsua" dela nazioarteko justiziarentzat eta Ukrainako herriarentzat. "Ezin da inpunitaterik egon", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Nazioarteko Zigor Auzitegia