Mundua -
Ukrainako gerra
Wagner mertzenario taldeak Bakhmut kontrolpean hartu duela iragarri du
Ukrainako indar armatuek onartu dutenez, errusiarrak ekialdeko hiri hori "erabat kontrolatzeko ahaleginean daude". Halaber, Zelenskik aitortu du borrokak "bereziki gogorrak" izan direla.
Agentziak | EITB Media
Yevgeni Prigozhin Wargner mertzenario taldeko buruzagi eta sortzaileak iragarri duenez, Errusiarentzat lanean ari den talde paramilitarrak Bakhmuten erdigunea hartu du.
Telegram bidez jakinarazi du igandeko 23:00etan sartu direla Ukraina ekialdeko hiriko udaletxearen eremuan. "Errusiako bandera jaso dugu 'Vladlen Tatarskiren oroimenez' dioen mezuarekin —San Petersburgon atentatuz hildako blogari militarra— eta Wagner taldearen banderarekin batera", iragarri du.
Bestalde, Ukrainako Indar Armatuen Estatu Nagusiak onartutakoaren arabera, errusiarrak Bakhmut "erabat kontrolatzeko ahaleginean daude". Horrelako aitorpenak ez dira ohikoak Kiev aldean.
"Etsaiak Bakhmut erasotzen ari dira, hiria kontrolpean hartu nahian", zabaldu du astelehen goizean Facebooken duen profilean.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak beraren hitzetan, ekialdeko hiri horretako borrokak "bereziki gogorrak" izan dira.
Bakhmut 70.000 biztanleko hiria zen, baina gaur egun 3.000 bizi dira ozta-ozta. Alde bateko eta besteko eraso gogorrak ari dira gertatzen azken hilabeteetan. Gerra-fronterik luzeena da Bakhmut. Milaka soldadu hil dira bertan alde batean eta bestean. Ukrainako Gobernuaren arabera, hiria estrategikoa da, baina zenbait adituk zalantzan jarri dute hainbeste soldadu hiltzerainoko garrantzia duenik.