Mundua -

AUZIPETUTAKO LEHEN PRESIDENTEA

Trumpek errugabea dela berretsi du: "Egindako krimen bakarra gure nazioa defendatzea izan da"

New Yorkeko epaitegi batek 34 delitu leporatu ondoren, presidente ohiak hitzaldia eman du Floridako bere etxean, senideak eta jarraitzaile ugari inguruan zituela.

Donald Trump Floridako etxean eman duen hitzaldian. Argazkia: EFE.
Donald Trump Floridako etxean eman duen hitzaldian. Argazkia: EFE.
Donald Trump Floridako etxean eman duen hitzaldian. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidente ohiak errugabea dela errepikatu du, New Yorkeko epaitegi batek 34 delitu egotzi ondoren, apirilaren 5eko goizaldean Floridako bere etxean eman duen hitzaldian. Storny Daniels aktore pornoari egindako legez kanpoko ordainketekin lotutako prozesuaren barruan egotzi dizkiote kargu horiek.

"Herrialdea infernua doa" esanez hasi du hitzaldia AEBetako presidente ohiak eta bere burua defendatu du honakoa esanez: "egindako krimen bakarra izan da gure nazioa beldurrik gabe defendatzea, suntsitu nahi duten horien aurrean".

Bere aurka epaitegietan hasi duten prozesuak "oinarririk ez" daukala esanez jarraitu du. "Kasua berehala utzi behar lukete alde batera. Denek, nire abokatuek, mundu guztiak dio hemen ez dagoela ezer. Ez dago kasurik!" ziurtatu die bere jarraitzaileei. 

Presidente ohiak unea probestu du Joe Biden gaur egungo presidentearen aurka egiteko eta haren etxean aurkitu ziren sekretupeko dokumentuen auzia aipatu du hitzaldian. Hala ere, kritika zorrotzenak Juan Merchan epaileari eta Andy Bragg Manhattaneko barrutiko fiskalari egindakoak izan dira. "Trump jazartzeko" ideia finkoa dutela buruan salatu du eta kargua utzi beharko luketela iradoki die.

Donald Trumpek Floridan duen luxuzko etxearen barruan eman du hitzaldi hau. Bertara gonbidatu ditu bere markako merchandising produktuak soinean zituzten jarraitzaile ugari (200 inguru hainbat hedabideren hitzetan). Horrez gainera, alboan zituen ere seme-alabak eta publikoki babesa eman dioten Alderdi Errepublikarreko hainbat kongresista, Marjorie Taylor Greene adibidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump