Mundua -
AEB
Bi legegile demokrata kanporatu dituzte Tennesseeko Ganberatik, armen kontrol handiagoa eskatzeagatik
Martxoa amaieran Nashvillen, estatuko hiriburuan, hiru haur eta hiru heldu hil zituen eskola-tiroketaren harira, armen kontrolerako legeak onartzera bultzatzeko protesta egin zuten joan den astean ehunka irakasle eta ikaslek hemizikloan, eta protestara batu ziren kanporatutako legegileak.
Agentziak | EITB Media
Gehiengo errepublikanoa duen Tennesseeko Estatuko Ordezkarien Ganberak bi legegile demokrata kanporatu ditu asteazken honetan, joan den astean euren jarduerak eten eta armen kontrol handiagoa eskatzeko protestekin bat egiteagatik.
Justin Jones eta Justin Pearson kongresistak, biak afroamerikarrak, kanporatuak izan ziren bi bozketa ezberdinen ondoren. Gloria Johnson legegilea kanporatzeko hirugarren bozketa batek ez zuen nahikoa babes lortu.
XIX. mendetik hirugarren aldia da, estatu horren historian, Ordezkarien Ganberako kideak kanporatzen dituztela, ustez hemizikloaren arauak hausteagatik.
Martxoa amaieran Nashvillen, estatuko hiriburuan, hiru haur eta hiru heldu hil zituen eskola-tiroketaren harira, armen kontrolerako legeak onartzera bultzatzeko protesta egin zuten joan den astean ehunka irakasle eta ikaslek hemizikloan, eta protestara batu ziren hiru legegileak.
Protesta horietan, Jonesek "Ekintzarik gabe, ez dago bakerik!" oihukatu zuen, "Babestu haurrak, ez armak" zioen pankarta bat eskutan zuela. Pearson, berriz, arma bidezko indarkeriaz aritu zen megafono batekin. Legegile demokratek galerian zeuden manifestariekin bat egitea erabaki zuten eta "boterea herriari" oihukatu.
Hori dela eta, Ordezkarien Ganberako errepublikanoek ebazpen bat aurkeztu dute astelehen honetan, Johnson, Jones eta Pearsonek "nahita eta jakinaren gainean desordena eta desohorea" eragin zutela adieraziz. Cameron Sexton Tennesseeko Ordezkarien Ganberako buruak "matxinadatzat" jo zuen ekintza, eta demokratek Batzar Nagusiaren arauen "urraketa ugari" egin zituztela baieztatu zuen.
Ohar batean, Joe Bidenen presidenteak legegileak kanporatzearen inguruan esan du, bozketa "harrigarria, antidemokratikoa eta aurrekaririk gabekoa" dela.
"Gaia eztabaidatu beharrean, legegile errepublikano hauek Tennesseeko herriak aukeratutako ordezkariak zigortzea, isilaraztea eta kanporatzea erabaki dute", azpimarratu du Bidenek eta armen salmenta murrizten duen legedia onartzeko eskatu dio berriro Kongresuari.