Mundua -
Alemania
Auto-biltegi batean piztutako sute batek hodei toxiko bat eragin du Hanburgon
Suhiltzaileek "muturreko arriskua" ezarri dute ke beltzaz osatutako hodei toxikoagatik. Hori dela eta, etxeko atariak eta leihoak itxi ditzaten eskatu diete Hanburgoko erdiguneko bizilagun guztiei.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Suhiltzaileek "muturreko arriskua" ezarri dute Hanburgon, ke beltzaz osatutako hodei toxiko batengatik, Rothenburgsort barrutiko autoen biltegi eta tailer batean sute bat piztu ostean.
"Hanburgoko erdigunea argindarrik gabe dago", esan du suhiltzaileen bozeramaile batek. "Suteagatik zabaldu diren gasak eta substantzia kimikoek Hanburgo zonaldeko herritarrak kaltetu dezakete. Orain ez dugu maila altuak antzematen, baina alertari eusten diogu", esan du tokiko Poliziak.
Sutea bart hasi da, eta goizetik hodei toxiko handi bat izan da ikusgai, Hanburgoko erdigunetik 5 kilometrora.
Hasieran kaltetutako zonaldeko 140 auzokide ebakuatu dituzte, baina hodei toxikoa hiriko erdigunerako norabidea hartzen ari zela ikusita, bizilagun guztiei eskatu diete etxeko atariak eta leihoak ixteko. 200 bat suhiltzaile daude lanean, sutea itzaltzeko nahian.
Agintariek zabaldutako gomendioak Hamburgoko erdiguneari eta inguruei eragiten die, sutea piztu den lekuan substantzia kimiko arriskutsuak zeudelako.