Mundua -
MIGRAZIOA
Italiak migrazio larrialdi egoera ezarri du sei hilabeterako
Giorgia Meloni ultraeskuindarra buru duen Gobernuak 5 milioi euro bideratuko ditu Italian gelditzeko baimenik ez duten migratzaileak identifikatzeko eta kanporatzeak azkartzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Italiako Gobernuak migrazio larrialdi egoera ezarri du sei hilabeterako, migrazio fluxuak eraginda.
Atzo, hartu zuen erabakia Ministroen Kontseiluak eta lurralde osoan egongo da indarrean. Giorgia Meloni ultraeskuindarra buru duen Gobernuak 5 milioi euro bideratuko ditu Italian gelditzeko baimenik ez duten migratzaileak identifikatzeko eta kanporatzeak azkartzeko.
Italiako agintariek pasa den astelehenean emandako datuen arabera, asteburuan 2.000 migratzaile baino gehiago erreskatatu dituzte Mediterraneoan eta Jonikoan.
Migratzaileen iritsierak % 300 hazi direla dio Italiako Gobernuak. Bertatik jakinarazi dutenez, urtea hasi denetik 31.000 migratzaile iritsi dira Italiara, aurreko urtean baino ia lau aldiz gehiago.