Mundua -

Brasilgo Gorte Gorena

Bolsonarok Poliziaren aurrean deklaratu beharko du 10 egunen buruan Estatu-kolpe saiakerari buruz

Joan den urtarrilaren 8an, Bolsonaroren ultraeskuineko milaka jarraitzailek Brasiliako Nazioaren hiru botereei eraso zieten, Lula da Silva boteretik kentzeko esku-hartze militar bat behartzeko asmoz.

Jair Bolsonaro presidente ohi ultraeskuindarra. Argazkia: EFE
Jair Bolsonaro presidente ohi ultraeskuindarra.
Jair Bolsonaro presidente ohi ultraeskuindarra. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jair Bolsonaro presidente ohiak 10 eguneko epean Poliziaren aurrean deklaratzea erabaki du gaur Brasilgo Gorte Gorenak, urtarrilaren 8ko Estatu-kolpe saiakera ikertzen ari den prozesu baten baitan.

Egun horretan, Bolsonaroren ultraeskuineko milaka jarraitzailek Brasiliako Nazioaren hiru botereei eraso zieten, Luiz Inacio Lula da Silva presidentea boteretik kentzeko esku-hartze militarra behartzeko asmoz.

Egun horretan, Bolsonaro Ameriketako Estatu Batuetan zegoen, eta hara joan zen abenduaren 30ean, oraindik agintari zela, Lulari banda presidentziala ez entregatzeko helburuarekin; izan ere, iragan urrian Lulak hautestontzietan lortutako garaipena beti susmopean jarri du Bolsonarok.

Urtarrilaren 8an Gorte Gorenaren, Parlamentuaren eta Presidentetzaren egoitzei eraso egin zieten milaka ultraeskuindarrek bi hilabete baino gehiago eman zituzten Armadaren kuarteletako atarian kanpatuta, estatu-kolpe bat eskatzen, buruzagi ebanjelistak gaitzetsi ez zuen jarrera antidemokratiko batean, eta abala ematera ere iritsi zen.

Gertakari horiengatik, 2.151 pertsona atxilotu zituzten; horietatik 294 espetxean daude, eta gainerakoek auzitegietan erantzun beharko dute, baina aske.

Gorenak ikertuen artean sartu du Bolsonaro, egun horretan AEBtan egon arren (martxoaren 30ean itzuli zen), mugimendu hori bultzatu zuen edo saiakera kolpistaren plangintzan zereginen bat izan zuen argitzeko.

Agintari ohia Justizia arruntean aurrera eramaten ari diren hamar bat auzitan eta Gorte Gorenean dauden beste lautan ikertzen ari da, baita Hauteskunde Batzordearen beste kasu batzuetan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Brasil Latinoamerika Ultraeskuina