Mundua -
Errusia
25 urteko kartzela zigorra ezarri diote Kara-Murza Errusiako opositoreari, traizioa egotzita
Kazetaria Kremlinen kontrako ahots kritikoenetakoa da, eta bi aldiz pozoitu dute. Urtebete zeraman preso, traizioa eta beste delitu batzuk leporatuta.
EITB Media
Moskuko epaitegi batek 25 urteko kartzela zigorra ezarri dio Vladimir Kara-Murza Errusiako opositore eta kazetariari, hainbat delitu egotzita, tartean traizioa.
Zehazki, honako delitu hauek egotzi dizkiote: traizioa, Indar Armatuen inguruko informazio faltsua zabaltzea, eta gaizkile talde bati laguntzea. Horregatik guztiagatik, segurtasun handiko kartzela batean bete beharko du kondena. Gainera, zazpi urtez kazetaritzan jardutea debekatu, eta 400.000 errubloko (4.470 euro inguru) zigorra ezarri diote, Interfax agentziak zehaztu duenez.
Kazetaria Kremlinen kontrako ahots kritikoenetakoa da, eta bi aldiz pozoitu dute. 2022ko apirilean atxilotu zuten, Ukrainako gerra hasita zegoela. Urtebetean, giza eskubideen aldeko hainbat elkartek salatu dute haren egoera.
"Kremlinek Kara-Murzari egindako jazarpena aktibismo zibila zapaltzeko eta adoregabetzeko eginahalen parte da", deitoratu zuen joan den astean Hugh Williamson Human Rights Watchek Europan eta Asia erdialdean duen bozeramaileak.
Kara-Murzaren defentsak iragarri du epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko duela.