Mundua -
AFRIKA
Adostutako 72 orduko su-etena urratzea leporatu die Sudango Armadak paramilitarrei
Su-etena gauerdian sartu da ofizialki indarrean, baina Khartum hiriburutik gertu erasoak egitea egotzi die Sudango Armadak Laguntza Azkarreko Indar paramilitarrei.
AGENTZIAK | EITB Media
Sudango Armadak eta Laguntza Azkarreko Indar paramilitarrak (RSF) 72 orduko su-etena adostu dute, eta gauerdian sartu da indarrean ofizialki, Ameriketako Estatu Batuen eta Saudi Arabiaren arteko bitartekaritzari esker. Sudango Armadak bere atxikimendua agertu dio su-etenari, baina adostutakoa ez errespetatzea eta Khartum hiriburutik gertu erasoak egitea leporatu die indar paramilitarrei.
Twitter sare sozialean zabaldu duen mezuan, Laguntza Azkarreko Indarrak (RSF) talde paramilitarra prest agertu da atzerritar eta diplomazialariei herrialdetik modu seguruan irtetea ahalbidetzeko.
Orain arte adostutako su-eten guztiak ez dituzte bete. Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak su-etena errespetatzeko eta behin betiko akordio bat lortzeko eskatu die bi aldeei.
Sudango Armadaren eta RSFren artean piztutako borroka gogorrak tarteko, nazioarteko herrialde eta erakunde ugarik ekin diote Khartum hiriburutik zibilak eta diplomazialariak ateratzeari.
Apirilaren 15ean borrokak hasi zirenetik gutxienez 413 pertsona hil eta 3.551 lagun zauritu dira, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) ostiralean argitaratutako balantzearen arabera.