Mundua -
burkina faso
Burkina Fason talde paramilitarrek burututako 150 zibilen hilketa ikertzeko eskatu du NBEk
Aberriaren Defentsarako Boluntario taldeak (VDP) Karma herrian egindako tiroketa batean, gutxienez 150 pertsona hil direla salatu dute Nazio Batuek.
agentziak | eitb media
Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoak ikerketa bat abiarazteko eskatu du gaur, asteartea, Aberriaren Defentsarako Boluntario (VDP) talde paramilitarrak gutxienez 150 pertsona erail ostean Burkina Fason, Karma herrian.
Erasotzaileek Estatu Islamikoarekin lotutako Islamaren eta Musulmanen aldeko Talde terroristako hainbat kide babestea leporatu zieten Karmako biztanleei.
Ostegunean, apirilak 20, izan ziren gertakariok. VDP talde paramilitarreko hainbat kidek, lehenik, Karma herria inguratu, eta, ostean, herritarrei ausaz tiro egiten hasi ziren. Ondoren, lapurretak egin zituzten etxebizitzetan, dendetan eta meskitetan.
NBEk, bere aldetik, nazioarteko legeria humanitarioa errespetatzeko eta zibilei eraso ez egiteko eskatu die Burkina Fason borrokan diharduten guztiei; izan ere, gertakariok gerra krimen gisa hauteman litezke.