Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Gutxienez 16 pertsona hil dira Errusiak Ukrainako hainbat hiriren kontra egindako erasoetan
Errusiak gerra frontean ez dauden Ukrainako hirien aurka egindako azkenaldiko erasorik handiena izan da.
AGENTZIAK | EITB Media
Errusiako Armadak Ukrainako hainbat hiriren aurkako erasoak egin ditu bart goizaldean, eta gutxienez 16 pertsona hil dira, Ukrainako Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Ekialdeko gerra frontetik kanpo Errusiak azken hilabeteetan egindako erasorik bortitzena izan da gaurkoa, eta misilak eta droneak erabili ditu.
Ukrainako Armadaren arabera, Kaspiar itsasoa zeharkatzen zuten hegazkinetatik hogei misil baino gehiago jaurti dituzte Kiev, Uman eta Dnipro hirien kontra, besteak beste.
Uman hirian, gutxienez 14 pertsona hil dira etxebizitza eraikin baten kontrako erasoan.
Erreskate zerbitzuak misila erori den lekuan lanean aritu dira; izan ere, goizean zehar hainbat hildako eta zauritu atera dituzte hondakinen artetik.
Bestalde, Dnipro hirian, 31 urteko emakume bat eta haur txiki bat hil dira misil batek beren etxebizitza jota.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak zibilen aurkako eraso horiei erantzuteko eskatu dio nazioarteari.