Mundua -

ESTATU BATUAK

Gizon batek bost bizilagun hil ditu Texasen, haurtxoak lo egin ezin zuelako zaratarik ez egiteko eskatu ostean

23:31 aldera izan da tiroketa Clevelanden, Houstonetik 90 bat kilometrora. Erasotzailea oraindik atxilotu ez duten "1,70eko gizon hispano bat" litzateke.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez bost pertsona hil ditu gizon armatu batek Texasko etxe batean tiroz, Poliziak ABC News telebista kateari jakinarazi dionez. Tiroketaren egileak, 39 urtekoak, ihes egin du eta AR-15 eraso-fusil batekin armatuta egon liteke. Antza denez, bere bizilagunen etxebizitzan sartu zen bart, bere fusilarekin lorategian tiro egiteari uzteko eskatu ostean.

Gizonak AR-15 eraso-fusil bat erabili du erasoan. Cleveland herrian izan da tiroketa, 23:31 inguruan, Houstonetik 90 bat kilometrora.

Francisco Oropeza izeneko susmagarria ezaguna zen auzoan, etxeko lorategian AR-15 fusil batekin tiro egitea gustatzen zitzaiolako, Greg Capers San Jacinto konderriko sheriffak hedabideen aurrean azaldu duenez.

Capersen arabera, susmagarria bere bizilagunen etxebizitzan sartu zen, fusilarekin lorategian tiro egiteari uzteko eskatu ostean, oso berandu zelako eta haurtxo bat lo egiten saiatzen ari zelako.

Etxe barruan hamar pertsona zeuden. Bost hildakoetatik hiru emakumeak dira, bat gizonezkoa eta azkena zortzi urteko mutikoa, Capersek zehaztu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak