Mundua -
ERRETRETA ERREFORMA PROTESTAK
Gutxienez 38 pertsona atxilotu dituzte Frantziako futbol Kopako finalean, Macronen kontrako protesten ostean
Erretiro adina 62 urtetik 64ra igotzea dakarren legearen kontra protesta egiteko, txartel gorri sinboliko bat erakutsi eta txistu jo diote Macroni.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 38 pertsona atxilotu dituzte Frantzian, gizonezkoen futbol Kopako finalean, Emmanuel Macronen kontrako protestak izan diren topaketaren ostean. Sindikatuak oso haserre daude erretiro adina igotzen duen legea onartu izanarekin eta Macron estadioan egotea baliatu dute berriz ere protesta egiteko, larunbat iluntzean.
Indarkeria, lapurreta eta ke bonbak eramatea leporatzen die Poliziak atxilotuei, BFMTV telebista frantsesak jakitera eman duenez.
Toulouse eta Nantes (5-1) taldeen arteko norgehiagoka ikusten egon zen Macron eta ohikoa den moduan finalera iritsitako bi taldeetako jokalariak agurtu zituen. Ez, ordea, ohiko tokian, zelaian, estadioko pasiloetan baizik, ikusleengandik urruti.
Sindikatuek protesta ekintza sinbolikoa antolatu zuten finalerako: erretiro adina 62tik 64ra igo izana salatzen zuten txartel gorriak, Macroni erakusteko. Agintariek debekatu egin zuten txartel horiekin sartzea baina Parisko Auzitegi Administratiboak debekua kendu egin zuen. Hala ere, segurtasun zaintzaileek kendu egin dizkiete zaleei eskuetatik.
Dena dela, hainbat komunikabidek jaso dutenez, txartel gorri askok estadioko ateak gurutzatzea lortu dute eta 49. minutuan erakutsi dituzte ikusleek, 49.3 artikuluari erreferentzia eginez. Artikulu hori erabili zuen Frantziako Gobernuak erreforma onartzeko.
3.000 poliziak eta gendarmek eta 1.400 segurasun zaintzaile mobilizatu zituzten final honen harira, sarrerak zaintzeko eta estadio inguruak ixteko.
Oposizioak oso gogor salatu du gertatua.