AEB-ko Hauteskundeak -
AEBetako hauteskundeak
Obamak Ohio eta Pennsylvanian zehar egindako bira amaierara heldu da
“AEBen alde apustu eginez” deitutako bira gaur amaituko da Pittsburgen (Pennsylvania). Obamak giltzarri diren Ohio eta Pennsylvaniako estatuak aukeratu ditu kanpainaren abiapuntu gisa.
Erredakzioa
Barack Obamak, berriro hautatuta izateko aukera duen demokratak, Ohio eta Pennsylvanian zehar autobusez egindako bira amaituko du gaur. Azaroaren 6ko hauteskundeetara begira, Ohio eta Pennsylvaniako estatuak giltzarriak dira. "AEBen alde apustu eginez" izena duen biran, Obama presidenteak Parma, Toledo eta Sanduskyko herriak bisitatu ditu, Ohion. Herri horiek 2008an hasitako krisi ekonomikoa gehien pairatu duen zonaldearen parte dira, Ohioren industriaren zati garrantzitsua bertan kokatzen delako.
Toledo eta Sanduskynen egindako hitzaldietan, Obamak boto-emaileak 2008tik aurrera egindako lorpenei begira gogoak ez galtzeko animatu ditu. Mitt Romneyk, errepublikanoen hautagai birtualak, egindako proposamenak eta Txinak merkatuan egiten ari den konpetentzia ez leiala kritikatu zituen Obamak.
Bi eguneko tourra gaur amaituko da Pennsylvanian. Bertan, hautagai demokratak Pittsburgeko unibertsitate batean hitzaldi bat emango du.
Ohio eta Pennsylvaniako estatuek, hautatua izateko funtsezkoak diren 38 ordezkari aukeratzen dituzte. Gainera, Ohioko estatua herrialdearen sentimendu politikoaren isla izan ohi da. 1960tik aurrera, Ohion hauteskundeak irabazi dituen hautagaiak, AEBetako presidente bihurtu da.
"AEBen alde apustu eginez" izena duen birak, Obamak aurten egin duen lehena da. Presidentearen lehiakide errepublikanoa, aldiz, duela hilabete bat martxan jarri zen. Mitt Romneyk New Hampshire, Pennsylvania, Ohio, Wisconsin, Iowa eta Michiganeko estatuak bisitatu zituen. Romneyk egindako hitzaldietan Barack Obamak bultzatutako politika ekonomikoak kritikatu zituen, "porrot" bat izan direla azalduz.