Mundua -
errusia ukraina gerra
Errusiak 1.500 pertsona baino gehiago ebakuatu ditu Zaporizhiatik bonbardaketak areagotu ostean
Errusiak ezarritako gobernadoreak frontetik hurbil dauden 18 udalerritako biztanle zaurgarriak ebakuatzeko agindua eman zuen, Ukrainako tropen bonbardaketak areagotu zirelako.
eitb media
Gaur-gaurkoz, Errusiak 1.500 herritar zaurgarri baino gehiago ebakuatu ditu frontearen lehenen lerrotik gertu dauden udalerrietatik, Zaporizhia eskualdean, Ukrainako tropen bonbardaketak areagotu ostean.
Yevgueni Balitskik, Kremlinek probintzia anexionatuan ezarritako bitarteko gobernadoreak, 18 udalerritako pertsona zaurgarrien ebakuazioa agindu zuen ostiralean, maiatzak 5. Guztira 1.552 pertsona lekualdatu zituzten: 632 adingabe, zentro psikoneurologikoko 145 paziente eta mugikortasun urria duten 10 pertsona. Balitskik jakitera eman duenez, dagoeneko modu ordenatuan lekualdatu dituzte.
Gainera, herritar batzuk ibilgailu pribatuetan ari dira gune arriskutsuetatik ihes egiten.
Andrei Kozenko lurralde anexionatuko Ekonomia ministrordeak zehaztu duenez, 70.000 pertsona inguru lekualdatuko dituzte, Kieven esanetan "zakarra" izango den operazio batean.
Ebuakuatu dituzten udalerrien artean Enerhodar eta Tokmak daude. Lehenengoan, Zaporizhiako zentral nuklearra dago, Europako handiena, eta bigarrena Zaporizhiaren komunikazio-gune garrantzitsua da; Errusia beldur da bertan kontraerasoa jasoko ote duen.