Mundua -
Migrazio politika
AEB bere mugak prestatzen ari da 42. Titulua bertan behera geratzen denerako
Aurretik zegoen legea sartuko da berriro indarrean, alegia, 8. Titulua. Joe Biden presidenteak migrazio politika horren zenbait puntu aldatu ditu, egoera legeztatzeko helburuarekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bere migrazio politika aldatuko du AEBk gauerdian (Washingtonen maiatzaren 12ko 00:00ak eta Mexikon maiatzaren 11ko 22:00ak direnean). Pandemian, Donald Trump presidenteak ezarritako 42. Tituluaren amaiera ekarriko du aldaketak. Muga zeharkatzeko unean bertan, etorkinak beren herrialdera itzultzea ahalbidetzen zuen gaur arte indarrean egon den legeak.
Aurrerantzean, baina, 8. Tituluari helduko dio berriro AEBk. Joe Biden presidenteak, baina, migrazio politika horren zenbait puntu aldatu ditu, egoera legeztatzeko asmoz. "Legezko migrazioa arindu eta legez kanpokoa denboran laburtu nahi dugu (...), jendeak jakin dezan bi aukera daudela, modu legalean etortzea ala modu ilegalean egitea", azaldu du.
Trumpen garaiko arau polemikoari amaiera eman aurretik, Bidenek ziurtatu du "mugak behar bezala funtzionatzea" dela asmo bakarra.
Alejandro Mayorkas AEBko Segurtasun Nazionalerako Departamentuko idazkariak, bestalde, ezarriko dituzten neurri berrien gaineko zalantzak argitu ditu prentsaurrekoan. AEBra iristen diren migratzaileekin komunikazio zuzenagoa izan nahi dutela ere esan du.
"Oso argi ari gara uzten gure mugak ez daudela zabalik, legez kontrakoa dela muga modu irregularrean zeharkatzea, eta laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak beren herrialdeetara itzuliko ditugula", adierazi du.
Neurri berriak
Gobernuko funtzionarioek segurtasun neurri berriak iragarri zituzten atzo, "legea aplikatzea, disuasioa eta diplomazia oinarrian dituen plan bat", hain zuzen ere.
Horren arabera, asilo eskaera egiten duten familiek edota haien jatorrizko herrialdeetan arriskuan daudela egiaztatzen dutenek lehentasuna izango dute arreta jasotzeko orduan.
Nola funtzionatuko du mugak gaurtik aurrera?
42. Titulua bertan behera geratzen den unean, asilo kasuak aztertzeko aplikatzen ziren ohiko arauak berreskuratzea espero zen.
Nolanahi dela, Bidenen gobernuak erabaki du arau berri bat ezartzea, AEBra lurretik iristen direnei asilo baimena mugatzeko.
Hartara, asilo baimena jasotzeko "ezgai" joko dituzte legez kontra muga gainditzen duten migratzaileak, AEBrako bidean hirugarren herrialde baten babesa eskatu ez duten kasuetan.
Horregatik, AEBn asiloa eskatu nahi dutenek CBP One aplikazioa erabili beharko dute, agintarien aurrean bakoitzak bere kasua azaltzeko aukera izateko.
Milaka migratzaile batu dira Mexikoko mugan
Milaka migratzailek kanpalekuak egin dituzte Mexiko iparraldean, AEBko muga gurutzatzeko itxaropenarekin, baina ziurgabetasunaren eta kaosaren erdian.
Tijuanan —Kaliforniako mugan—, hainbat herrialdetako milaka migratzaile daude, familia osoak tartean, haur eta guzti.
Iragan asteburutik izugarri hazi da bertan bildutako jende kopurua. Kolonbia, Venezuela, Peru, Haiti eta Honduras utzi eta AEBrainoko bidea egin nahi dute batzuek. Askoz ere urrutiagotik heldu dira batzuk; Turkiatik eta Bosniatik, esaterako. Mexikoko Michoacan eta Guerrero estatuetan nagusi den indarkeriatik alde egin nahi duenik ere bada bertan.