Mundua -
AEB
AEBn berehalako kanporatzeak baimentzen zituen araua bertan behera geratu da gauerdian
Pandemia garaian migratzaileak izapiderik gabe kanporatzea ahalbidetzen zuen 42. Titulua jarri zuen martxan Trumpek. Larrialdi egoera bertan behera utzita, muga igarotzea errazagoa izango delakoan, Mexikon zain dira milaka lagun. Bidenen gobernuak beste arau bat onartu du, baldintza zorrotzekin.
Agentziak | EITB Media
Texasen (Ameriketako Estatu Batuak, AEB) 00:00 zirenean, bertan behera geratu da 42. Titulua, Trumpen garaian eta pandemiaren aitzakian, migratzaileak berehala kanporatzea ahalbidetzen zuen araua.
2020ko martxoan indarrean sartu zenetik, 2,5 milioi migratzaile kanporatu dituzte, inongo izapiderik egin gabe. Giza eskubideen aldeko erakundeek gogor kritikatu dute neurria, eta demokraten artean desadostasunak zeuden arren, Bidenen gobernuak eutsi egin dio, gaur arte.
42. Titulua bertan behera utzita, AEBn historikoki egon den araua (8. Titulua) sartu da indarrean, eta migratzaileak kanporatzeko izapide prozesua jarraitu beharko du Administrazioak. Dena dela, Joe Bidenek beste neurri batzuk onartu ditu asilo eskaerak murrizteko asmoz. Hala, AEBn sartu nahi duen edonork hitzordua eskatu beharko du, eta ezarritako baldintzak bete (herrialde jakin batzuetako migratzaileei bakarrik aitortuko diete asilo eskubidea). Ukatuko balitzaio, ezingo luke bost urtean berriz eskatu. Legez kanpo sartzen saiatzen direnentzat, berriz, isunak eta zigorrak daude aurreikusita.
Araua bertan behera geratu ostean AEBn sartzea errazagoa izango dela sinistuta, milaka lagun zain egon dira Mexikoko mugako herrietan.
Bidenek berak onartu duenez, datozen egunak "kaotikoak" izango dira, eta 1.500 militar bidali ditu hegoaldeko mugara muga babesteko. Horiek bertan zeuden beste 2.500 soldaduei batuko zaizkie. Egunero 10.000 atxiloketa egitea aurreikusi dute.
Mexikoko mugako hirietako harrera zentroak gainezka daude. AEBn, El Paso hirian (Texas), 4.500 ohe gehigarri atondu dituzte mugako kontrola gainditzen duten errefuxiatuak hartzeko.
"Gauerditik aurrera, legezko bideak erabiltzen ez dituzten herritarrek ez dute asiloa eskatzeko eskubiderik izango. Giza baliabideak ditugu jende horri guztiari sarbidea galarazteko", adierazi du ohar bidez Alejandro Mayorkas AEBko Segurtasun Nazionalerako idazkariak.
"Ez sinistu pertsona-trafikatzaileen gezurrak. Muga ez dago zabalik", ohartarazi du.