Mundua -
ITALIA
Dagoeneko 14 pertsona hil dira Italia iparraldeko uholdeetan
Ekaitzak direla eta, Emilia-Romagna eskualdeko Ravenna probintziako Piangipane eta Santerno herriak ebakuatzeko agindu du.
AGENTZIAK | EITB Media
Italia iparraldeak ur azpian jarraitzen du, eta gutxienez 14 dira dagoeneko uholdeetan hildakoak. Azken orduetan, 84 urteko gizon baten hilotza aurkitu dute uholdeek gogorren astindutako Emilia-Romagna eskualdeko Faenza herrian.
Beste ekaitz baten iritsiera tarteko, Emilia-Romagna eskualdeko Ravenna probintziako Piangipane eta Santerno herriak ebakuatzeko agindu du. Halaber, Conselice udalerria ere partzialki jendez hustu dutela adierazi diete larrialdi zerbitzuek La Repubblica egunkariari.
Eguraldi iragarpenaren arabera, asteburuan euri zaparrada handiak egingo ditu Italia iparraldean eta erdialdean, bereziki Apeninoetan, eta ekaitz arriskua iragarri dute herrialdearen hegoaldean, bereziki, Calabria, Sizilia eta Sardinia eskualdeetan.
Gilberto Pichetto Italiako Ingurumen ministroak irratian eskainitako elkarrizketa batean iragarri duenez, Gobernuak datorren asteartean Emilia-Romagna eta Markak eskualdeak hondamendi eremu izendatuko ditu. Horrez gain, kaltetuei hipoteka eta zerga ordainketak arinduko dizkietela ere iragarri du.
Ministroaren arabera, 30 milioi euro bideratuko ditu Gobernuak uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko. Dena dela, Stefano Bonaccini Emilia-Romagna eskualdeko presidenteak azpimarratu du diru kopuru hori "gutxiegi" dela kalteak milaka milioi eurokoak direlako.