AEB-ko Hauteskundeak -

AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK

Obamak sei puntuko aldea hartu dio Romneyri boto-asmoan

Reuters/Ipsosek boto-asmoaren inguruan egindako inkestaren arabera, AEBetako presidenteak, Barack Obamak, sei puntuko aldea hartuko lioke Mitt Romneyri, Presidentetzarako hauteskundeetara begira.

Barack Obama kanpaina ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Barack Obama kanpaina ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Barack Obama kanpaina ekitaldi batean. Argazkia: EFE

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost hilabete baino gutxiago falta dira AEBetako hauteskundeak izateko, eta balizko irabazlearen inguruko inkestak gero eta ugariagoak dira. Reuters/Ipsosek estatubatuarren boto-asmoaren inguruan egindako azken inkestaren arabera, Barack Obama demokrataren eta Mitt Romney errepublikanoaren arteko aldea sei puntukoa da jada.

Inkestak islatzen duenez, Barack Obamak estatubatuarren %49ren babesa jasoko du; Romneyk, aldiz, %43ren botoak lortuko ditu.

Inkestetan Barack Obamak izan duen igoera demokratentzat bereziki gogorra izan den hilabete baten ostean izan da. Batetik, gizartearen zati handi bat herrialdearen egoera ekonomikoagatik kezkatuta dago. Herritarren %45 ez daude Obamaren kudeaketa ekonomikoarekin pozik, batez ere, langabezia murrizteko egindako lanari dagokionez. Bestetik, Mitt Romneyk Alderdi Errepublikanoaren eta horren jarraitzaileen bermea sendotu du azaroko hauteskundeetara begira.

AEBetako ekonomia pixka bat hobetzeak, milaka estatubatuar gazteren deportazioak geldiarazteak eta osasun-erreforma gauzatzeko Auzitegi Gorenaren babesa lortzeak boto-emaileen artean baikortasun giroa handitzea eragin du, eta, boto-asmoari begira, aurrea hartzen lagundu diote Obamari.

Reuters/Ipsosek uztailaren 5a eta 9a bitartean egin zuen inkesta.

Zenbait inkestaren arabera, berdinduta jarraitzen dute

Hainbat inkestak, aldiz, Obama eta Romney berdinduta jarraitzen dutela adierazi dute. The Washington Post egunkariak uztailaren 5a eta 8a bitartean egindako inkestaren arabera, bi hautagaiek botoen % 47 lortuko dituzte.

Inkestatuen artean, Romneyk ekonomia kontuetan nota hobea lortu du, Obamak, aldiz, gizarte gaietan lortu du boto-emaile gehiagoren babesa.

Ekonomia, langabezia eta osasun-politika dira boto-asmoa baldintzatuko duten hauteskundeen gaietako batzuk. The Washington Post egunkariak inkesten emaitzak aztertu ondoren "polarizatutako hautesleria" eta Presidentetza lortzeko borrokan hautagaiak "berdinduta" daudela ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea