Mundua -
Migrazioa
EBko 27 estatu kideek migratzaileak banatzeko "elkartasun malguko" mekanismoa adostu dute
Onartutakoaren arabera, asilo-eskatzaileak euren lurraldeetara lekualdatu nahi ez dituzten herrialdeek 20.000 euro ordaindu beharko dituzte horietako bakoitzeko. Orain arte, lekualdatzeak derrigorrezkoak ziren.
Agentziak | EITB MEDIA
Lurralde komunitariora heldutako migratzaileak estatu kideen artean nola banatu adostu dute Europar Batasuneko (EB) Barne ministroek. "Elkartasun malguko" mekanismoa da hitzartutakoa, hots, aurrerantzean ez da derrigorrezkoa izango asilo-eskatzaileak hartzea, baina uko egiten dion herrialdeak tasa bat ordaindu beharko du: 20.000 euro pertsona migratzaile bakoitzeko.
Migrazio Ituna adosteko negoziazioan —2024ko ekainean Europako hauteskundeak egin aurretik egon behar da prest— pauso garrantzitsua da atzo EBko ministroek emandakoa, baina ez azkena; izan ere, Europako Parlamentuak zehaztu behar du behin betiko testua. Atzo hitzartutako printzipioak oinarri izango dira Parlamentuko negoziazioetan.
"Eskerrik asko espediente honi emandako babes zabalagatik", adierazi du Maria Malmer Stenergard Suediako Migrazio ministroak (herrialde horrek du EBko txandakako presidentetza). Akordioa Italiaren ezinbesteko babesarekin erdietsi dute, eta azkenean Hungariak eta Poloniak bakarrik bozkatu dute kontra. Bulgaria, Malta, Eslovakia eta Lituania abstenitu egin dira.
Orain arte ez bezala, migrazio presio handiena duten estatu kideei (Italia edo Espainia, adibidez) besteek ez diete lagundu beharrik izango harrera lanetan. Baina laguntzen ez duen gobernuak derrigor jarri beharko ditu 20.000 euro beren herrialdera lekualdatu nahi ez duen pertsona bakoitzeko. Migratzaileen itzultzeak bizkortzeko erabiliko lukete diru hori. EBren asmoa da ebaluazio sistema espres berri bat ezartzea, eta migratzaileak, etortzekotan, asiloen onarpen ratioa % 20tik behera duen herrialde batetik etortzea.
Pertsona migratzaileen itzultzeak Europar Batasunetik kanpoko edozein herrialdetara egin ahal izango lituzteke, dagokion estatu kideak erabakiz gero "segurua" dela eta migratzaileak loturaren bat duela han.