Mundua -
iran
Irango Gobernuak ateak itxita eta eztabaida publikorik gabe onartu nahi du beloaren lege polemikoa
Proiektua batzorde judizial eta kultural batek aztertu eta bozkatuko du, legea 290 legebiltzarkideen aurrean aurkeztu eta publikoki eztabaidatzea saihesteko. Proiektua "proba gisa" onartu ahal izango da, hiru eta bost urte bitarteko epean.
Agentziak | EITB Media
Irango Gobernuak presaz eta ateak itxita onartu nahi du islamiar jantzia ez erabiltzeagatik zigorrak gogortuko lituzkeen beloaren lege berria. Batzorde txiki batean egin asmo du, eta ez Parlamentuaren osoko bilkuran, "hijabaren aurkako mugimendu bat saihesteko".
Irango Parlamentuak "Kastitatearen eta Hijabaren Kultura Babesteko Lege Proiektua" batzorde judizial eta kultural baten esku uztea onartu du igande honetan, bertaratutako 238 diputatuen artean aldeko 175 boto, kontrako 49 eta 5 abstentzio jasota, Parlamentuaren webgunearen arabera.
Proiektua batzorde horrek aztertu eta bozkatuko du, eta gaitasuna du proiektua "froga gisa" onartzeko hiru eta bost urte bitarteko eperako, Konstituzioaren 85. artikuluak hori egiteko aukera ematen baitu.
Horrela, Gobernuak ez du legea 290 legebiltzarkideen aurrean aurkeztu beharko, eta publikoki eztabaidatzea saihestuko du. Gainera, ez ditu aurkeztu diren zuzenketa guztiak berrikusi beharko.
Lege-proposamenak 70 artikulu ditu, eta honako zigor hauek ezartzen ditu: isunak, bost urtera arteko espetxe-zigorrak, automobilak konfiskatzea eta gidatzeko debekua, baita soldata-kenkariak, lan-prestazioak kentzea edo banku-zerbitzuak baliatzeko debekua ere.
Legea, mugimenduaren aurrean
Mousa Ghazanfaribadi Parlamentuko batzorde judizialeko presidenteak gaur adierazi duenez, "egunero kastitatearekin eta hijabarekin lotutako bekatuak gertatzen badira, lege honen onarpena atzeratzen delako da".
Legearen beste sustatzaileetako batek, Hossein Ali Haji Deligani kontserbadoreak, testua horrela onartu behar dela argudiatu du, "egoerak mugarik ez duela ikusten dugulako, eta okerrera egiten ari delako. Hijabaren aurkako mugimendua prebenitu behar dugu".
Legearen kontrakoen artean, besteak beste, Gholamreza Nouri Qezeljeh legebiltzarkidea dago. Horren ustez, lege horren bitartez gehiegi zentratu dira beloaren erabilerarik eza "zigortzen", eta horrek "arriskuak" ekarriko ditu.
Ia urtebete Amini hil zenetik
Hijabaren aurkako mugimendua iazko irailaren 16an hasi zen, Mahsa Amini gaztea Teheranen Moralaren Poliziak atxilotu eta gero hil ondoren. Aminiren heriotzak protesta gogorrak eragin zituen herrialde osoan.
Orduz geroztik, emakume irandar askok utzi egin diote beloa erabiltzeari. Izan ere, jantzi hori da, diotenez, jasaten duten eta burua estali behar izatetik askoz harago doan diskriminazioaren elementu agerikoena.
Irango agintariek hainbat metodo erabili dituzte zapiaren erabilera berrezartzeko, izan Moralaren Polizia beldurgarria kaleetara itzularazita, izan zigorrak ezarrita, hala nola hilotzak edo eraikin publikoak garbitzera behartuta.
Ebrahim Raisi Irango presidenteak aste honetan bertan adierazi duenez, "beloa kentzearen kontu hau behin betiko amaituko da". Gainera, estaltzen ez diren emakumeak "kontzientziatu" behar diren "arduragabeak" direla esan du.