Mundua -
Giza-eskubideak
500dik gora hildako izan dira Irango protestetan, eta 100 manifestari hiltzeko arriskuan daude
Mahsa Amini gazte kurdua irailean poliziaren esku zegoela hil ostean, protesta oldea piztu zen herrialdean.
agentziak | eitb media
Iran Human Rights eta Hrana Gobernuz Kanpoko Erakundeek salatu dute 488 eta 527 pertsona artean hil direla jada Mahsa Amini gazte kurdua poliziaren esku zegoela hil ostean piztu zen manifestazio oldean.
Iran Human Rightsek salatu du hildakoen artean 64 adingabe eta 39 emakume daudela, eta 107 manifestari exekutatzeko edo heriotzera zigortzeko arriskuan daudela.
GKE horrek ez ditu balantzearen barruan sartu hildako segurtasun indarretako kideak, baina Hranak bai, eta kopurua 527an kokatzen du, 70 segurtasun indarretako kideak barne.
Bestalde, Iran Human Rightsek jakinarazi du aurten 55 pertsona exekutatu dituztela herrialdean. Horietako 37 drogekin lotutako delituengatik hil dituzte, "Auzitegi Iraultzaileek epaituta, berme judizialik gabe".
Irango agintarientzat Aminiren heriotzaren errudunak ez ziren segurtasun indarrak izan, gaixotasun batengatik hil zela diote, baina aitortu dute gehiegikeriak izan direla manifestazioen errepresioan, ustez atzerriko potentziek "xaxatutako" protestetan.