Mundua -
Errusia
Prigozhinen aldeko hileta ateak itxita egin dute San Petersburgon
Ezbehar berean hil ziren Wagner taldeko beste agintari batzuen aldeko hiletak ere egin dituzte.
Agentziak | EITB Media
Yevgeni Prigozhin, Wagner taldeko burua, abuztuaren 23an hegazkin-istripu batean hildakoa, San Petersburgoko Porojovskoye hilerrian ehortzi dute.
Wagner taldeak Telegram sare sozialean jakinarazi duenez, "ateak itxita egin dute Yevgeni Víktorovitxen azken agurra. Agurtu nahi duenak Porojovskoye hilerrian egin diezaioke bisita".
Isilpean, kazetariei ehorzketaren une eta leku zehatza jakinarazi gabe, egin da Prigozhinen aldeko hileta. Egunean zehar, segurtasun-neurriak hartu dira San Petersburgoko hainbat hilerritan; ondorioz, Wagner taldeko buruaren azken agurrari buruzko hainbat susmo piztu dira.
Ezbehar berean hil ziren mertzenarioen taldeko beste buru batzuen ehorzketak ere gaur, asteartea, egin dituzte. Valery Txekalov Prigozhinen segurtasun-buru eta bazkide zenaren azken agurrean hainbat senide eta lagun elkartu dira.
Abuztuaren 23an gertatu zen Wagner mertzenario taldeko buruzagien heriotza eragin zuen hegazkin-ezbeharra. Moskutik 300 kilometro ipar-mendebaldera erori zen hegazkina, oraindik ez dakit zergatik.
Wagner taldeko eta oposizioko kide batzuek Putini leporatu diote ezbehar honen ardura. Kremlinek erabat ukatu ditu salaketa horiek, eta gertatutakoa ikertuko duela agindu du.
Hegazkinean zihoazenen nortasuna DNA analisien bidez baieztatu behar izan dute ikertzaileek. Oraingoz, ez da ezbeharraren arrazoiei buruzko informaziorik argitaratu, eta aukera bat baino gehiago aipatzen dira; besteak beste, hegazkinaren barruko eztanda bat, akats tekniko bat edota pilotuen akats bat.