Mundua -
AFRIKA
Militarrek estatu-kolpea eman dute Gabonen, eta Ali Bongo atxilotu dute, hauteskundeak irabazi ostean
Abuztuaren 26ko hauteskundeetan presidente berriz hautatu zuten hautagaia etxean atxikita dute, familiarekin batera.
EITB MEDIA
Militar talde batek estatu-kolpea eman eta boterea eskuratu du Gabonen, herrialdeko presidente hautatu berria, Ali Bongo, agintetik kanporatzeko. Bongo etxean atxilotuta dute. Hauteskundeak baliogabetu dituzte eta herrialdeko mugak itxi.
Trantsiziorako eta Erakundeak Berrezartzeko Batzordeko kide gisa identifikatu diren dozena bat militarrek egin dute iragarpena telebista bidez. "Krisi instituzional, politiko, ekonomiko eta sozial larriaren aurrean" boterea euren esku hartu dutela iragarri dute.
Larunbateko hauteskundeetan presidente berriro hautatu zuten hautagaia etxean atxikita dute, familiarekin batera, eta semeetako bat atxilotu dute, "traizioa" egin izana egotzita.
Halere, herritarrei "lasai" egoteko eskatu diete militarrek, eta berretsi dute bete egingo dituztela nazioarteko eta herrialdeko komunitatearekin dituzten konpromiso guztiak.
Estatu-kolpea iragarri eta minutu gutxira, ehunka pertsona Libreville hiriburuko kaleetara atera dira, militarrei laguntzeko. Dena den, tentsio giroa nabaria zen militarrek estatu-kolpea eman baino lehen. Bozetan "iruzurra" egitea leporatu zion oposizioak Bongoren taldeari.
Ali Bongo 2009an iritsi zen agintera, bere aita, Omar Bongo, hil eta gero; beraz, hamalau urte egin ditu agintean. Edonola ere, Bongok hirutan irabazi ditu hauteskundeak eta hauteskunde guztietan leporatu diote iruzur egin izana. Oraingoa Bongoren aurkako bigarren estatu-kolpea da.