Mundua -

Ukrainako gerra

Oleksii Reznikov Defentsa ministroa kargutik kendu du Zelenskik

Haren ordez, Rustem Umerov diputatu ohia proposatu du Ukrainako presidenteak, Ministerioari "ikuspegi berri bat" emateko.

Ezkerrean, Oleksiy Reznikov, Ukrainako Defentsa ministroa. Argazkia: EFE
Ezkerrean, Oleksiy Reznikov, Ukrainako Defentsa ministroa. Argazkia: EFE
Ezkerrean, Oleksiy Reznikov, Ukrainako Defentsa ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak igande honetan jakinarazi duenez, Oleksii Reznikov Defentsa ministroa kargutik kendu du, eta Rustem Umerov jarriko du haren ordez, gaur egun Estatuko Jabetza Funtsaren buru dena.

Reznikovek 2022ko otsailean errusiar inbasioa hasi aurretik gidatu du Defentsa Ministerioa. Hala, orain, Zelenskik azpimarratu du "ikuspegi berri bat" eman nahi diola ministerio horri. "Oleksii Reznikovek 550 egun baino gehiago igaro ditu gerran. Ministerioak ikuspegi berri bat eta beste interakzio modu batzuk behar dituela uste dut, bai militarrekin, bai gizartearekin oro har", esan zuen Ukrainako presidenteak atzo, gauero egin ohi duen hitzaldian.

Karguan eman duen denboran, Reznikov Ukrainako indarrei aliatuen armamentu modernoa emateko negoziazioen buru izan da. Horrez gain, polemikaz inguratuta egon zen, ustelkeria kasuetan inplikatuta egon zitekeelako. Zehazki, salatu da Reznikovek ministeriotik hornikuntza militarrak askoz ere prezio altuagoetan erosi dituela.

Reznikoven ordez, Rustem Umerov diputatu ohia proposatu du Zelenskik, ustelkeriaren aurka eta gerra garaiko negoziazioetan egindako ahaleginak nabarmenduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Eguneko albisteak Albisteak Volodimir Zelenski