AEB-ko Hauteskundeak -
AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK
Romneyk datu sekretuak zabaltzea leporatu dio Obamari
Duela gutxi datu sekretuen filtrazioak egin izana errua leporatu dio Mitt Romneyk Obama presidenteari. Romneyren ustez, gainera, filtrazioek arriskuan jarri dute tropa estatubatuarren segurtasuna.
Erredakzioa
Mitt Romneyk, ia seguru AEBetako hauteskundeetan Alderdi Errepublikanoaren hautagaia izango denak, abantaila politikoa bilatzeko asmoz prentsari datu sekretuak ematea leporatu dio Obamaren Administrazioari. Datuen artean Osama bin Landen heriotzarekin erlazionatutako batzuk leudeke.
Atzerriko gerretan aritutako beteranoen biltzarrean egin ditu Romneyk adierazpenak, Renon (Nevada). Romneyren hitzetan, filtrazioek "nazioaren interesa traizionatu eta gure gizon-emakumeak konprometitzen dituzte", eta fiskal berezi batek ikertzea merezi du, "azalpen eta ondorioak" jasotzeko.
Justizia Departamentuak bi fiskal federal izendatu ditu jada, ikerketak egiteko.
Obamak ere beteranoen aurrean hitz egin zuen, astelehenean, eta defentsa eta nazio-segurtasun arloetan lortutako arrakastak nabarmendu zituen. Presidenteak bi gerraren amaiera, Bin Ladenen heriotza eta militarren eta horien familien ongizatea hobetzeko hartutako neurriak aipatu zituen hitzaldian. Obamak aurrekontu federalean eta Pentagonoan egin behar diren murrizketak (500.000 milioi inguruko murrizketak egingo dituzte) saihesteko hitzarmen bat lortu ez izanaren errua leporatu die errepublikanoei.
2008an, gerra beteranoen botoak hautesle guztienen % 15 izan ziren, eta giltzarria izango dira aurten ere Virginia, Colorado, Florida, Ipar Karolina eta Ohioko estatuetan.