Mundua -
Mehatxu terroristagatik
Ministerioak 12 kooperante aberriratuko ditu Saharako kanpalekuetatik
Saharan kooperanteak dituzten elkarteak erabakiaren kontra agertu dira, kooperanteak aberriratzea terroristen "xantaiaren aurrean amore ematea" dela uste dutelako.
Erredakzioa
Aljeriako Tindufeko kanpalekuetan lan egiten zeuden 12 kooperante espainiarrak Madrilgo Torrejon de Ardoz basera heldu dira igande honetako lehen orduetan.
Kanpo Arazo eta Kooperazio Ministerioak 12 kooperante hauen borondatezko erbesteratze-prozesua hasi zuen larunbat honetan. Izan ere, Gobernuak "segurtasun falta" areagotuko delako "zantzuak" ditu, baita terroristek atzerritarrei eraso egiteko asmoa duela ere.
Saharako kanpalekuetatik aterako den kooperante-taldean 12 espainiar, bi frantziar eta italiar bat daude. Gainera, beste bi kooperante, espainiar bat eta Peruko beste bat, ostiralean bueltatu ziren euren kabuz.
Mehatxu terrorista Malin
Garcia-Margalloren arabera, Maliko ezegonkortasun politikoak iparraldea "terroristen plataforma" bihurtu du, hortik zabaltzen baitira herrialdeko gainontzeko lekuetara.
Horren harian, duela gutxi askatutako bi kooperante espainiarrak Malin bahituta izan zituztela azpimarratu du.
Sahararren aldeko taldeak
Tindufeko kanpalekuetan, Algerian, kooperanteak dituzten Espainiako elkarte nagusiek komunikatu bat atera dute Gobernuaren erabakiaren kontra daudela adierazteko. Izan ere, elkarteen arabera, kooperanteak aberriratzea terroristen "xantaiaren aurrean amore ematea" da.
"Munduko herri horietan bizi duten arriskua ez da aitzakia nahikoa amore emateko eta hamarka mila errefuxiatu abandonatzeko. Errefuxiatuen bizitza kooperanteen presentziaren eta lanaren mende baitago, erabat", esan dute komunikatuaren sinatzaileek.