Mundua -
Granadako goi bilera
EBn sartzeko "legezko bideen" alde dago Brusela, baina migratzaileen "itzultzeetan irmo" jardunda
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, Europak dituen nazioarteko betebeharrak errespetatuko ditu, baina EB bera izango da, "eta ez mafiak eta trafikatzaileak", erabakiak hartuko dituena.
Agentziak | EITB MEDIA
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak gaur Granadan esan duenez, Brusela prest dago Europar Batasunean (EB) sartzeko "legezko ibilbideak" zabaldu eta "giza korridoreak" bermatzeko, baina, era berean, uste du irmo jokatu behar dela nazioarteko babesa jasotzeko eskubidea ez duten migratzaileak "itzultzeko" orduan.
Von der Leyenen esanetan, Europar Batasunak dituen nazioarteko betebeharrak errespetatuko ditu, baina EB bera izango da, "eta ez mafiak eta trafikatzaileak", erabakiak hartuko dituena, hots, nortzuk sartu ahal diren eta zein baldintzatan.
"Bada argi geratu beharreko gauza bat: Nazioarteko betebeharrak ditugu eta bete egingo ditugu, iraganean bezala, orain ere. Baina gu izango gara Europara nor datorren eta zein baldintzatan, ez mafiek eta trafikatzaileek", nabarmendu du EBko buruak Granadan egitean ari diren bilerara heltzean.
Migrazio erreformaren inguruko behin betiko akordioa legegintzaldia amaitu baino lehen lortuko dutelakoan dago Von der Leyen; "probabilitate handiak daude", esan du. Horren ustez, behin 27 estatu kideek migrazio politikaren jarrera finkatuta, "helmugara iristea espero dut".
Gaur Espainiako udalerrian egingo duten bilerak "Granadako Adierazpena" adostea du helburu. Batzar informala izanik, erabakiak ez dira lotesleak baina Europar Batasuna kide gehiagori zabaltzeko bideari ekiteko lehen pauso bat ekar lezake.