Mundua -
AEB
Hiru pertsona hil dituzte eta bat larri zauritu dute Las Vegaseko unibertsitate batean izandako tiroketan
AEBko hiriko Poliziak jakinarazi duenez, tiroketaren ustezko egilea hil egin dute. Joe Biden AEBko presidenteak errepublikanoei babesa eskatu die, beste behin, eraso armak saltzea debekatzeko.
Agentziak | EITB MEDIA
Tiroketa izan da asteazken arratsaldean Nevadako Unibertsitatean (UNLV), Las Vegas hirian (AEB), eta gutxienez hiru pertsona hil eta bat larri zauritu ditu erasotzaile batek.
AEBko hiri horretako Poliziak zehaztu duenez, ustezko egilea hil egin dute, eta beraz, jada ez dago "mehatxurik".
"Gure ikerlarien arabera, hiru pertsona zendu dira eta beste bat larri dago, erietxean", adierazi dute iturri polizialek sare sozialetan.
Las Vegasen 11:46 zirenean (19:46 GMT, hots, 20:46an Euskal Herrian) jaso dute gertakariaren abisua.
Joe Biden AEBko presidenteak oharra kaleratu du tiroketa hori eta Austinen eta San Antonion (Texas) izandakoak deitoratzeko.
Buruzagi demokratak errepublikanoei babesa eskatu die, beste behin, eraso armak saltzea debekatzeko; horiek erabilita egiten baitira tiroketa gehienak.
Bidenek gogorarazi duenez, aurten 600 tiroketa masibo baino gehiago izan dira AEBn, eta 40.000 pertsona hil dira.
"Denok gehiago egin behar dugu Austin, San Antonio edo Las Vegasen gertatutakoak saihesteko, eta armatutako indarkeriak familia gehiago suntsitu ez ditzan", nabarmendu du.