Mundua -
Desagertze arraroa
Frantziako Tolosan aurkitu dute duela sei urte desagertutako mutiko britainiar bat
2017tik, amarekin eta aitonarekin Malagara (Espainia) oporretan joan zenetik, ez zuten haren berri. 17 gazteak mezua idatzi dio bere tutoretza duen amamari: "Maite zaitut, etxera itzuli nahi dut".
Agentziak | EITB Media
Duela sei urte Malagan (Espainia) desagertu zen 17 urteko gazte britainiar bat onik topatu dute Tolosan (Frantzia), BBC telebista kateak jakinarazi duenez.
Iturrion arabera, Alex Batty Revel udalerrian (Tolosatik oso gertu) aurkitu zuten asteazkenean, eta senitarteko batzuk jada identifikatu dute.
Nerabea 2017an desagertu zen, amarekin eta aitonarekin (amamak du tutoretza) oporretan joan zenean. Antza, biek bizimodu alternatibo bat nahi zuten, eta ez zuten nahi mutikoa eskolara joatea.
Auto gidari batek jaso zuen Pirinioetako errepide batean noraezean ikusi zuenean. Gazteak azaldu zionez, lau egun zeramatzan oinez, gune menditsu batetik irten ostean (ezin izan du zehaztu non zegoen). Ama eta aitonaren berririk ez dago. Nonbait komuna ibiltari batean bizi ziren hirurak, herrialde batetik bestera, eta azken bi urteak Frantziako estatuan eman zituzten.
Batty Frantziako gizarte zerbitzuen esku dago ordutik, Erresuma Batuko Polizia eta Kontsulatuko langileak noiz heldu zain.
Aurkitu eta gutxira, gazteak amamari, legezko tutoreari, idatzi dio sare sozialen bitartez: "Kaixo, Alex naiz. Tolosan nago, Frantzian. Espero dut mezu hau jasotzea. Maite zaitut, etxera itzuli nahi dut".
Susan Caruana amamak The Sun egunkariari azaldu dionez, mutikoarekin hitz egiteko aukera izan du jada. "Ondo dago, gertatutakoak gertatuta", zehaztu du.